Euskara biziko bada...

Publié le par Alda


A-Mendizabal.JPG
Josemari Velez de Mendizabal / Euskal Idazlea eta Eusko Ikaskuntzako zuzendaria

Euskarak behar ditu plangintzak, metodologiak eta formulazioak. Baina, guztien gainetik, behar ditu giza kontzertazioak.

Euskarazko kulturak aurrera egin du azken mende laurdenean, zalantzarik gabe. Ahalegin horretan inbertitutako bitartekoek –ekonomikoak eta giza baliabideak, noski- ezin zuten bestelako emaitzarik ekar... lantegiaren zeharoko porrota adieraziko ez bazuen. Baina betiko erantzun zalantzakorrean ari gintezke oraingoan ere, euskararen aurrerakuntzak kualitatiboki noraino eraman gaituen galdetuko balitzaigu. Horra hor koxka eta horratx erabateko argia sekula proiektatuko ez digun itauna.

Sisiforen infernuan bezala
Berrogei urte inguru daramazkit euskalgintzan, eta denetariko bizi-sentsazioak igarri ditut nigan eta unean uneko bidaia kideengan ere,  gure hizkuntzak ibilbide makurrean ezagutu dituen gora beherak direla-eta. Esperantzarik dirdiratsuenetik iluntasunaren zuloraino pasatu izan gara, errez asko, eta atzekoz aurrera, Sisiforen infernuan bezala harritzarra behin eta berriz igotzea egokitu zaigularik, etengabe.

Gizarte zibila, politika eta euskara
Hitz egiten dugu gizarte zibilaz eta ipintzen dugu hizkuntzarekiko arduraren ardatzean. Baina gizarte zibilaren hodeiertz zabalean euskarari dagokion tokitxoa urruti dago, lausoegi. Euskal gizartea mobilizatu egiten dela euskara erasotua denean? Bai, eta? Hitz egiten dugu politikaz eta badirudi sektore horretako profesionalei egozten diegula euskararen garapeneko erantzukizuna. Posible al da mirari hori, “gauzaren adituak” ados jartzeko gai ez direnean, lantegian –teorian bederen- hogeita hamar urte eman ondoren?

Borondatezko giza jarrera
A! Baina nik ez daukat irtenbiderik auziarentzat, ez baita hizkuntza baten iraupen osasuntsuan eragin dezaketen aldagaiak formula egokian sartzerik. Aukerarako modelo matematiko sortzerik ez denez, gogozko planteamenduetan aritu behar da nahita ez, horrek adierazten duen erlatibotasuna azal gaineratu egiten zaigularik. Politika, gizarte gehigarriak, kultura eragileak –berezko zein kanpokoak-... nola uztar genitzake kirrinka egin gabe, faktore desberdinen arteko indarra borondatezko giza jarrera batetik badator?

Sisifo zale eta masokak?
Euskararen etorkizuna eguneroko saiakun-tzan bilatu behar dugu, nahiz eta euskaltzaleok geure berezko infernuko sisifoak bihurtzeko arriskua dugun, ad eternum. Baina horixe dugu, hain apustu sendoan –eta aldi berean etsigarrian- esku hartzeagatik ordaindu beharreko saria. Sisifo zale eta masokak? bota liezaguke norbaitek.
Baita ameslari eta gizakien bio zein gogo-dibertsitatearen gaineko utopia zaleak ere!
“Bai, horixe gara” ihardets geniezaioke beldur gabe, baina baita ameslari eta gizakien bio zein gogo-dibertsitatearen gaineko utopia zaleak ere. Dibertsitatean aske murgil egiteko eskubidearekin amets egiten dugun kolore guztietako bake zaleok aldarrikatzen dugu euskararentzako espazio mugagabea. Libre izateko xede horrek eskaintzen digu kemena aurrera segitzeko.

Giza kontzertazioaren beharra
Euskarak behar ditu plangintzak, behar ditu metodologiak, behar ditu formulazioak. Baina, guztien gainetik, behar ditu giza kontzertazioak, gero eta konplikatuagoa dugun gure Euskal Herrian  iparra non dagoen ahaztu ez dezagun. Elkar bizikidetzarako pertsonen gaineko oinarrizko adostasunik gabe, ahoa bete hortz begiratuko didate Baionako kafetegi batean freskagarria euskaraz eskatzen dudanean, segituko dugu euskaraz tutik entzun gabe Bilboko kaleetan, Osakidetzako zerbi-tzuan espainiera hutsean hartuko naute, autobus gidariak zakarki “en español” erantzungo dit, medioek “el diccionario de la lengua”-z hitz egingo digute, eta gure bizitza arruntean euskarak kasurik hoberenean marginala izaten jarraituko du. Hau da, edozein bizidunek bezala, euskarak ere –osasuntsua izango bada- arreta zerbitzuko guztion adostasuna behar du. Osterantzean...


****
Euskararen Nazioarteko Egunerako (Abenduaren 3a) Klik egiozu euskarari izeneko kanpaina prestatu du Eusko Ikaskuntzak, euskarak sare sozialetan duen presentzia bultzatzeko. Euskararen presentzia zabaldu nahi da komunikaziorako tresna berri horietara ere.

Publié dans Euskaraz bizi!

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article