Ontsa bizitzeko bidea

Publié le par Alda

2008.05.30-I--igo-ilustrazioa.jpg

 

Iñigo Fernandez Ostolaza / Publis publizitate agentziako bezeroarentzako zerbitzuen zuzendaria


Donibane Lohitzuneko Mokoenia Jauregiko soto azpian lurperatuta aurkitu dituzten objektu eta paper zaharrak tentuz aztertzen ari dira arkeologo, antropologo eta hizkuntzalariak. Oraindik goiz omen da zenbait ondorio ateratzeko, baina itxura guztien arabera, XVII. mende amaierakoak dira bertan agertu diren idatziak, han ezkutatuta asteak egin zituen konde edo aristokrata batenak. Frantsesez idatzita daude gehien-gehienak, baina euskarazko pasarte bitxi batek ematen die amaiera:
Liburu sainduen kontre egin gabe, esan deigun garbi. Hautia gure da, ontsa bizi nahi denak, Paradusia lurrean nahi dianak, eztiro ediren konseillu, manu edo erremedio hoberik ene honi baiño: Gose izandakoan ahoratu erruz jakiak, egarri izandakoan edan ura edo arnoa beldur gabe, logure izandakoan eman loari gorpua, barrenak hustutzeko beharra izandakoan hustu gustura, eta gainontzean, bizi eta goza zeure lenguaie propioan, eskuara noble eta maitagarrian.

Euskara hitz egitera animatzeko

Orain arte hamaika arrazoi entzunda nituen euskara hitz egitera animatzeko, baina  bestelakoak: euskara mundu osoan hemen bakarrik egiten denez, hartan jardunda bertakoago sentitzen zarela; jatorri zeharo ezezaguna duen hizkuntza preindoeuropear exotikoa ahoratzeak ezberdin sentiarazten zaituela mundu globalizatu honetan; ederra dela XXI. mendean Europaren bihotzean tribu aborigen bateko kide sentitzea; Euskal Herria den gorpu-tzari odola, bizia ematen diola euskarak; euskal kultura barrutik gozatzeko aukera ematen duela (euskarazko literatura, musika, bertsolaritza...); jasotako kultur altxorra seme-alabei oparitzeak ondo egindako lanaren sentsazioa ematen duela; balio emozional altuko tresna dela euskara senitarteko eta lagunarteko harremanetarako...

Nor bere hizkuntzan lasai eta gustura bizitzeko luxua

Orain, Donibane Lohitzunen aurkitu dituzten idatzietan, ikuspegi “berri” bat agertu zaigu: mundualdi honetan ontsa bizitzeko, zoriona dastatzeko, gauza gutxi eta oinarrizkoak baizik ez omen dira behar, eta haien artean ei dago nor bere hizkuntzan lasai eta gustura bizitzeko luxua.

“Arrazoi” indibidualistak eta “arrazoi” kolektiboak

Bizitza honetan ezeren faltarik izango ez zuen XVII. mende amaierako aristokrataren aldarrikapen antimaterialistak ez dirudi gaurkotasun handirik duenik, baina haren ikuspegia primeran egokitzen da gaur egungo gazteen jarrera indibidualista eta hedonistarekin. Euskaraz bizitzera edo egitera eramaten gaituzten “arrazoiak”, ordea, oraindik ere oso-oso gutxitan izan ohi dira indibidualista hutsak, eta gehien-gehienetan “arrazoi” kolektiboekin ere izaten dute zerikusia.

Iraun duten hizkuntza komunitateak

Hori argi dute Jose Mari Sanchez Carrión Txepetxek eta Jon Sarasuak. Elkarrekin argitaratu zuten elkarrizketa liburuan, iraun duten hizkuntza komunitateek zergatik iraun duten azaltzeko, hiru arrazoi ematen dituzte: “zirena izateko poza” zutela, batetik; bestetik, konfiantza ere bazutela, norbera izatea norberarentzat ez ezik, beste guztientzat ere baliagarria dela; eta azkenik, bizinahia zutela.

Plazer indibiduala eta ardura kolektiboa euskararen inguruan uztartuak

Plazer indibiduala eta ardura kolektiboa, ezin hobeto uztartzen dira bi-biak euskararen  inguruan. Beste zerk ematen dio gaur gizaki bati bi premia horiek hain modu ederrean asetzeko aukera?...
 Mokoenian dago gakoa, gure mokoan: “Ontsa bizi nahi denak, Paradusia lurrean nahi dianak, egin beza eskuaraz alegeraki bere hiltziaz orhitu gabe.”

 

 


 

Artikuluko zenbait gorabeherekin harrituta galdera pare bat egin dizkiogu egileari gure webgunean:
www.mrafundazioa-alda.org


Publié dans Euskaraz bizi!

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article

Iñigo Fernández Ostolaza 05/05/2010 15:42



"Ontsa bizitzeko bidea" da artikuluaren izenburua. Eta jakina, XVII. mendeko Iparraldeko euskal idazle klasiko batek, Joan Tartasek, utzi zigun liburu klasiko bat gogorarazten
digu: "Ontsa hiltzeko bidea". Haren omenez-edo, bere pasarte batzuk lapurtu, eta nahi moduan aldatu eta moldatuta sortu ditut artikuluko bi pasarte apokrifoak (ia-ia berak esaten zuenaren
justu kontrakoa esateko). Nire burutazio xelebre txar bat izan da hau dena? Irakurleren batek harrapatuko zuen itxaropenarekin...



Alda! Astekaria! 05/05/2010 15:33




Hau bai hau asmakizun landua, euskalkia eta guzti...



Iñigo Fernández Ostolaza 05/05/2010 15:30



Lizentzia literarioa hartu dut, eta asmatu egin ditut Mokoenia, sotoa, kontea, haren hitzak... dena. Harrapatzen duenari, irriparra piztuko diolakoan ("hau gurekin jolasten ari da" pentsatuz),
eta harrapatzen ez duena interneten bilatzen edo galdezka hasiko delakoan (gero, hemen, jolasaz konturatu arte). Emozionatu dezagun pixkat jendea, ezta?



Alda! Astekaria 05/05/2010 15:24




Mokoeniari buruz azken xehetasunen ezin atxemanez egona gira...


Argitasun batzu ekartzen ahal dizkiguzu?