Ontsa eragiteko bidea

Publié le par Alda

2008.05.30 I+¦igo ilustrazioa

 

Iñigo Fernandez Ostolaza / Publis publizitate agentziako bezeroarentzako zerbitzuen zuzendaria


Euskaraz bizi nahi dugu. Baina gutxi gara euskaldunak. Eta euskara sustatzeko beharra dugu, noizbait euskaraz lasai eta gustora biziko bagara.


Horretarako, ofizialtasuna eta erakunde publikoak eskatzen ditugu, euskararentzako dirulaguntzak eta babesa bermatzeko; ikastolak sortzen ditugu, euskara ondorengoetaratzeko; euskarazko hedabideak bul-tzatzen eta kontsumitzen ditugu, euskaldunon komunitatea trinkotzeko; euskarazko literatura eta musika sortzen dugu, gozatzeaz gainera euskara erakargarriago egiteko; lehenengo hitza euskaraz eginez sartzen gara saltokietara, merkatariek garrantzia eta presentzia handiagoa eman diezaioten; euskararen aldeko manifestazioak egiten ditugu, agintariek euskara sustatzeko betebeharra senti dezaten...


Behartuta gaude jendea euskararen alde jartzen saiatzera. Euskararen aldeko brigadista seduzitzaileak izan behar dugu. Eta horretarako, “artibismoa” (artea + aktibismoa) izan daiteke bidea. Artekintza, “flash-mob”  edo “street marketing” ekintzak,  “komunikazio guerrillak”... Izena da gutxienekoa.


Saia gaitezen eragiten eta, aldi berean, ongi pasatzen. Jendearen arreta euskararen aldera ekartzeko, hedabideetan oihartzuna lortzeko eta, azken batean, gizartean eragiteko, saia gaitezen aldarrikapen eta salaketa modu berri eta irudimentsuagoak asmatzen.


Beste eremu batzuetan, fin ari dira horretan. New York Times egunkariaren kopia faltsuak doan kalean, alegiazko albisteekin. “Super heroi prekarioak” lapurretan Hanburgon. Munduko Bankuaren kontrako manifestazioan poliziaren kolpeetatik babesteko “pret a revolter” mozorroak Bartzelonan. Desobedientzia zibila aldarrikatzeko clown pailazoak Londresen. Etxebizitza hu-tsak salatzeko okupazioan bideoklip grabazioa eta modelo desfilea New Yorken… (Artikulu amaieran dituzu hemen aipatzen diren adibideetarako loturak).


Gure artean ere izan dira komunikazio ekintza ezohikoak burutu dituztenak beren mezuak nabarmentzeko: talde ekologistak, talde antimilitaristak, Demoak... Azken hauek arrakasta dezente lortu zuten gainera zenbait ekintzetan. Aktibismo modu horiek gero eta gehiago eta gero eta hobeto lantzen segitu behar genukeela iruditzen zait, eta horregatik poztu nau berriki sortu den Bizi! Mugimenduak.


Edonola ere, ekintza horien eraginkortasuna hobetzeko irizpideak ematen saiatzearren, “Giraldillen” ekintza nabarmenduko nuke nik. Adibide zinez eredugarria irudi-tzen baitzait. Ez bakarrik baketsua izan zelako hasieratik bukaera arte, kaltegabea guztiz; ezta oso ongi antolatu eta gauzatu zutelako ere; batik bat sinpatikoa eta dibertigarria izan zelako baizik.


Primeran egokitu zen txapelketaren inaugurazio zeremoniara, entretenimenduaren parte bihurtuz. Ez zuen ekitaldia oztopatu, aberastu baizik. Presoekin Elkartasun Taldeko batek adierazi zuen bezala, “helburua ez zen txapelketa boikoteatzea, munduak Euskal Herrian gertatzen denari buruz hausnar dezan lortzea baizik”.


Oso garrantzitsua iruditzen zait azken ohar hori. Jendearen sinpatia irabazteko gai izan daitezkeen ekintzak behar ditugu. Euskararekin antipatikoak direnak nekez erakarriko ditugu, baina asko eta asko dira euskararekin sinpatikoak (gehiengoa?), eta azken hauekin sintonizatzen asmatu behar dugu. Mezu nahi adina gordin eta salaketa nahi adina gogor zabalduz, baina jendearen arreta ez ezik, haien irriparra eta konplizitatea ere pizteko grazia izan dezaketen ekin-tzekin.


Horretarako, ekintza erakargarri eta eraginkorrak pentsatu eta gauzatu behar genituzke. Horregatik nahi nuke artibismoa, artekintza edo sormen pixkat behintzat euskara sustatzeko ahaleginetan… Gizartean ontsa eragiteko.



*http://euskaraetapublizitateabloga.wordpress.com/2010/03/12/artibismoa/
* http://demoak.free.fr
* www.bizimugi.org
*http://euskaraetapublizitateabloga.wordpress.com/2006/05/15/marketing-eredu-berriak-txikigintzarako-ii/
* http://zuzeu.com/2009/06/16/manifesta/
*http://euskaraetapublizitateabloga.wordpress.com/2006/09/15/zertarako-behar-du-euskarak-marketina/

Publié dans Euskaraz bizi!

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article