Libertimendua

Publié le par Alda

Iban-Thicoipe.JPG
Iban Thicoipe / Dantzaria

Donapaleun euskaraz gozatzeko eguna!


Mende hunetan bigarren aldikotz, Amikuzeko an-tzerkilari eta dantzari gazteek bizi araziko dute  Donapaleuko Libertimendua, otsailaren 7an, igandearekin, goizeko 10etarik goiti. «Auzirik gabeko Tobera» edo «Ihauteri denborako karrikako antzerki» huntan,  ber-tsolari gazteen zuzeneko erreferak ere gozatzen ahalko dira. Hara hemen xazko Libertimenduan antzerkian arizan den eta aurten dantzariekin arizanen den Iban Thicoipe Gabaditarraren lekukotasuna.

Zure bigarren Libertimendua duzu hau, zer ikusmolde duzu?
Xazkoa «Sarkozy» eta «Paisola»ren gaien inguruan zen, «trufa»k eta nolabaiteko «auziak» (toberetan bezala) gaina hartu zuten. Bilana egin dugularik Libertimenduak eskaintzen duen kontrastea «Dantzarien argi eta edertasuna» eta «zirtzilek duten pobretasun, iluntasuna» gehiago azpimarratu behar ginuela  pentsatu ginuen.

Nola hasi duzue aurtengo libertimenduari buruzko gogoeta?
Kitzikazank antzerkitaldekoak topatu gira udazkenean, ikusteko 2010an antzerki bati buruz edo Libertimenduaren segidari buruz joanen ginenez. Antzerki berriak denbora eta epe luzeagoak galdegiten zituenez,  erabaki dugu untsa preziatua izan den Libertimenduari segida baten emaitea. 

Preseskiago, zeri buruz doa aurtengo Libertimendua?
Noski, beti tokiko aktualitatearen haritik joanen da Libertimendua. Hura da hari gorria. Hala ere, aurten, gai gehiago hunkituko ditu, eta beti bezala zernahi erreferentzia «tokikoak» edo «orokorrak» izanen dira. Zuzenean jastatzeko giroa da, beldur izan gabe xehetasun batzuren ez ulertzeaz... ikusiz zonbat mezu pasatzen diren, bakotxak atxemaiten du normalean bere doia.

Zure ibilbidea Libertimenduan berezia da, antzerkitik dantzara pastu zira...
Egia erran, duela kasik 20 urte, hots, 6/7 urte dituztanetik geroz Gabadiko Dantza Taldearekin ari naiz. Ber denboran Amikuzeko Dantza Taldean parte har-tzen dut eta azken urteetan Kitzikazank antzerki taldeko kide naiz ere. Hala ere parada ukan dut Claude Iruretagoyena eta Christian Larralde-en taldeekin ikusgarri batzutan parte hartzea. Horrek eman dit dantza taldeen antolatzeko eta bizi arazteko molde ezberdinen ezagutzeko parada. Aurten, Libertimenduko Dantzariei nahi ukan dugu talde jokoa indartu, eta zirtzilekin den argi/ilun kontraste hori landu. Hortarako Burgaintzi, Amikuzeko Dantza Taldeari proposatu dugu Xabi Aintziburu (sortzez Luzaidekoa eta orain Amikuzen bizi den dantzariarekin) Baxe Nafartar Dantzen bereziki lantzera azken 3 hilabete hauetan Libertimenduarentzat.

Zer da Baxe Nafartar dantza horien berezitasuna?
Xabi Aintziburuk badu jadanik Luzaiden Baxe Nafartar dantzen kultura, bertan murgildu da! Dantza horiek hemengoak dira eta Baigorrin eta Luzaiden oraino bizi dira (Soka Dantza, Euskaldunak sorginak, etab.). Jauziak arinagoak dituzte besteak beste...

Dantza talde ezberdinetako kulturen trukaketak zer ekarri du?
Zorroztasun bat entseatu gira sartzen (errepikapenen antolaketa mailan, ordutegiak kudeatuz eta errespetatuz, etab.) bai eta ere kanpoko begi bat ekarri dugu, teknika berriak sartuz.. Horrek dantza talde kideak (Amikuzeko 30 bat gazte 14 eta 25 urte artean direnak) animatu ditu. Begi onekin ikusi dute aldaketa hori zeren ahal berri batzu ekarri ditu taldeari. Azkenik dantzen jatorriari buruz gogoetatzeak posibilitate berri batzu ideki dizkigu geroari buruz, zentzu gehiago emaiten baitute pausuei. 

Zer izan da euskararen tokia antolaketa fase guzi horietan?
Dantza talde kideen erdia ikastolatik ateratua denez, euskalduna da, baina egoera guzietan gerta-tzen den bezala, talde kide batek ez dakielarik euskara, denak erdarara lerratzen gira errex, gure hizkun-tza «bat, bi hiru eta eskuin eta esker» -etara mugatuz. Hala ere entseguak egin ditugu euskarazko esplikazioak ekartzeko eta ondotik erdaldunentzat laburpenak frantsesez emaiteko. Ez da dudarik, euskarazko beroketa horiek zirtzilen euskarazko ateraldien giroan murgiltzeko lagungarri izanen direla dantzarientzat... 

Azkenik, zer ekartzen du Libertimenduak Amikuzeri!
Enetzat, Libertimenduari esker egun osoan (kabalkadatik bertso-bazkarira) Donapaleun sekulako giro euskalduna sortzea lortzen da. Gure hizkuntzak hemen galdu duen naturaltasun hori berreskuratzen du egun hortan... eta hunat hurbiltzen den euskaldun orok badu parada «normaltasun» horren gozatzeko!


Publié dans Euskaraz bizi!

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article