Datorkigunea

Publié le par Alda

 

  Amaia Nausia Pimoulier

 

 

Amaia Nausia Pimoulier, Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamendua, Datorkigunearen koordinatzailea

 

Euskal Herriko gazteak elkartzeko

datorkigunari begira dagoen topagunea

 

De septembre 2010 à juin 2011, 40 jeunes des sept provinces du Pays Basque participent à Datorkigunea, l’espace de rencontre physique et virutelle créé par Eusko Ikaskuntza, la Société d’Etudes Basque, afin d’encourager le débat et la réflexion sur les défis de la société actuelle, et de définir les actions et propositions apportant des solutions. Voici l’ interview d’Amaia Nausia Pimoulier (animatrice de Datorkigunea) et les témoignages de 2 représentants d’Iparralde, qui ont participé à cette 1ère édition. Attention, les inscriptions pour la 2è édition s’achèvent le 15 mai 2011 !


Zer da xuxen “Datorkigunea”?
Datorkigunea hitz jokoa da, bi hitzen baturaz sortutakoa. Alde batetik gune bat da, gazteak elkartzeko topagune bat baita.
Bestetik, datorkigunari begira dagoen proiektua da. Hortik Datorkigunea.
Datorkigunea euskal gizarteari zuzendua dagoen proiektua da. Euskal gizartearentzat onuragarria izan daitekeen bilgunea bilakatzea du xede, gure gazteriarentzat euren ideiak eta iritziak plazaratzeko
bilgunea izanik.

7 lurraldeetako 40 gazte biltzen ditu fisikoki Datorkiguneak hilabetean behin mugikorrak diren bileretan gaurkotasun gaiei buruz eztabaidatzeko. Baina bilgune fisikoa izateaz gain, birtuala da ere.
Horretarako, Gazteria Departamentuak web gune bat sortu du gazteentzat intranet batekin haien arteko elkarlana bul-tzatzeko.

 Ikasturte bakoitzean bi gai lantzen dituzte Datorkigunekideek eta helburua da gai bakoitzaren amaieran txosten bat sortzea, diagnosi eta proposamenekin. Diagnosi hori lantzeko gazteei bilera bakoitzaren aurretik bibliografia helarazten zaie eta bileretara adituak ekartzen ditugu ere.

 

“Datorkigunea 2010-2011 a permis à 40 jeunes
des 7 provinces, de réfléchir et d’agir
sur la participation des jeunes dans la société”

 

 

Nondik dator?
2009ko amaieran Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentuak bi proiektu jarri zituen martxan. Eusko Ikaskuntzaren XVII.
Kongresuko Gazte Foroa, non hainbat unibertsitateetako 300 gaztek parte hartu zuten, eta Gizpuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan antolaturiko Parte hartuz erabakitzen duzu. Bilkura horretan 80 gazte inguruk parte hartu zuten eta oso era positiboan baloratu zuten ekitaldia.

 

Ekimen horiek eta beraietan parte hartu zutenek egindako balorazioak kontuan harturik, Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentuak planteatzen zuen une estrategikoa zela abiarazitako lan eta dinamikari jarraipena emateko.
Horregatik, 2010eko hasieran proiektuaren diseinuari ekin genion. Hortik jaio zen Datorkigunea, gure etorkizunaren gunea

 

Zertako?
Gazteek badute asko esateko, baina gehienetan ez dakite non edo nola bideratu esateko duten guzti hori. Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentutik gizartean gazteriaren partaidetza indartzea funtsezkoa deritzogu, gazteriaren premia, interes eta proposamenak bideratu eta beraiei erantzuna
emateko gai izan gaitezen, etorkizuneko erronkei aurrea hartuz.
Horregatik, zalantzaz betetako etorkizun bati ezinbestean aurre egin behar dioten guztiekin eta guztientzat elkarrekin topo egiteko gune bat sortu dugu, etorkizun hori prestatzen joateko asmoz.
Finean, gazteek sortuko dute euren etorkizuna eta berrikuntza bide berriak lantzea komeni zaie.
Bestalde oso aukera polita zen lurralde eta diziplina ezberdinetako gazteak elkartzeko eta Datorkigunera hurbiltzen diren aditu eta gazteen arteko zubiak eraikitzeko.
Azkenik, bilgune honen lan tresna euskara beti izan da, ondorioz gazteen artean euskararen erabilera indartu nahi dugu eta lan tresna baliagarria izan daitekeela plazaratu nahi diogu gizarteari.

 

“Datorkigunea, est un lieu qui permet
aux jeunes de préparer l’avenir”


 

Nork animatzen du “Datorkigunea”?
Eusko Ikaskuntzak orain dela 3-4 urte sortu zuen Gazteria Departamentuak kudeatutako proiektua da hau. Bertan arduradun lanetan Ainara Iraeta ibili da eta ni koordinazio lanetan, bilerak dinamizatzen
eta gazteekin harreman zuzena edukiz. Bestalde Eli Suinagaren eta Leire Gaceoren lana ere ezinbestekoa izan da proiektua aurrera eramateko. Azkenik, hiru pertsonek osatutako Batzorde Zientifiko baten laguntza izan dugu adituak eta bibliografia aukeratzeko orduan.
Beraz talde lana funtsezkoa izan da proiektua aurrera eramateko.

 

Zein dira lehen edizioaren ondorioak?
Lehenengo edizio honetan landu ditugun bi gaiak Gazteen parte-hartzea: bide berrien bila eta Gazteriak dituen arazo nagusien aurrean zer egin (etxebizitza eta langabezia)? izan dira. 18-30 urte bitarteko eta 7 lurraldeetako 40 gaztek parte hartu dute. Hauen artean historialariak, soziologoak, ingenieroak edo matematikariak.
Bigarren gaiaren ondoriorik ez dugu oraindik, izan ere ekainean ospatuko dugu azkeneko bilera. Baina lehenengo gaiaren ostean txosten bat argitaratu genuen gure ondorio eta proposamenekin galdera hauei erantzuna emanez: Zer da partehartzea? Nola parte hartzen dute gure gazteek? Zein aukera eta zein oztopo dituzte parte hartzeko? Gure web gunean Parte-Hartzearen memoria zintzilikatu dugu: http://eigazte.eusko-ikaskuntza.org/datorkigunea/


Eta sorpresa onak?
Zalantzarik gabe Datorkigunekideen jarrera parte-hartzailea. Gazteen irudia askotan gutxietsi da komunikabide eta gizartearen hainbat eremuetatik; konpromiso falta eta jarrera indibidualistak atxikitzen dizkigute.

 

Baina ez da hori gazte talde honek eman duen irudia. Gazte naizen heinean, Datorkiguneko koordinazio lanetan ibiltzea benetako ohorea izan da niretzat.
Gazte hauen lana, esfortzua eta konpromisoa eskertzekoak dira. Hori da azken finean Datorkigunea, gauzak aldatzeko nahia duten gazte talde baten bilgunea, eta hori izan da Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentuaren helburua: gazteen irudi negatibo hori apurtu eta eredu berritzaile bat eskeini gizarteari. Gazte hauek egindako lanarekin oso pozik gaude.

 

Datorren urteetako desafioak zein dira?
Gure lan honekin jarraitzea, gazteak erakartzea eta 2013ko Eusko Ikaskuntzako XVIII. Kongresuan egindako ibilbide guzti honi amaiera polit bat ematea.
Bestalde, oso garrantzitsua iruditzen zaigu egindako lana gizarteratzea. Hau da, gure lana ahalik eta gazte gehienei iristea. Horretarako bi urteetan behin jardunaldi batzuk egiteko asmoa dugu, gure ondorioak beste gazte, elkarte eta instituzioekin kontrastatzeko.
Datorkigunea 2011-2012 edizioarentzat izen emaitea maiatzaren 15an bururatzen da.

 

Iparraldeko irakurle gazteei ohar berezirik?

Iparraldeko gazteen lana funtsezkoa izan da Datorkigunean. Hegoaldetik askotan Iparraldeak dituen berezitasunak ahazten ditugu eta Ipar Euskal Herritik etorritako gazteek haien ikuspuntua eskaini digute gai bakoitzean.
Benetan aberasgarria izan da 7 lurraldeetako gazteentzat errealitate ezberdinak ezagutzea eta   lurralde aniztasunetik abiatuz elkar lan sendo bat eraikitzea.
Hemendik deialdia Euskal Ipar gazteriari luzatu nahi diogu. Maiatzaren 15a arte daukate Datorkigunea 2011-2012n izen emateko gure web gunean.

Irailean hasiko da proiektua eta 10 bileretan zehar Gazteak eta baloreak gaur egungo gizartean eta Genero Sistemen arazoen gaiak landuko ditugu.
Partaideek bilera bakoitzera etortzeagatik ordainsari bat jasoko dute.
Beraz, 18-30 urte bitarteko gaztea bazara, euskalduna, beste lurralde eta diziplinetako gazteak ezagutu nahi badituzu eta gaurkotasunezko gaiei buruz gazte ikuspuntu batetik eztabaidatu, izen eman ezazu gure proiektuan: http://eigazte.eusko-ikaskuntza.org/datorkigunea

 

 

2 LEKUKOTASUN:

 

Juhane Dascon

 

Juhane Dascon

 

 

2010 eta 2011-ean, Datorkigunea ekimenean parte hartzeko suertea ukan dut. Konkretuki, Eusko Ikaskuntzaren ekimen horrek elgarretaratzeko aukera ematen die Euskal Herriko 40 gazteeri hilabete guziz (aldi guziz probintzia desberdin batean), eta hausnarketa baten eramateko parada ona da.
Ikertu dugun lehen gaia izan da: Gazteak eta parte hartzea. Zer da parte hartzea ? Zertan gazteek parte hartzen dute ? Zein dira parte hartzearen zailtasunak ? Nola lagundu parte hartzea ?...Bilkura bakoitzean gure hausnarketak aberasturik izan dira lekukotasun edo konferentzia batzueri esker. Bukaeran, gure hausnarketa ondioroztatu dugu aurkeztuz : Euskal Herriko gazteriaren parte hartzea bultzatzeko ekintza proposamena.

 

“Hats berri bat nere pentsaketetan”
Pertsonalki atzeman dut esperientzia horretan hats berri bat nere pentsaketetan eta aukera baikor bat gizalegez, kurutzatu baititut horrelako toki batean Euskal Herri guziko gazteak, beraiekin eztabaidatuz gure munduaren geroaz eta kezka handietaz. Biziki aberatsa izan da. Gainera harreman guziak euskaraz eginak izan dira eta horrek ere lagundu nau nere euskararen hobetzeko bidean.
Kolore berezi bat badu, munduko gaietaz mintzatzea euskaraz eta uharte desberdinetik heltzen diren gazteekilan.  

 

Iparraldeko eta hegoaldeko gazteek elgarrekin “egin, pentsatu eta osatu”
Horrelako toki guti bada. Datorkigunea aukera bat da Euskal Herriko gazteentzat eta bereziki Iparraldeko gazteenzat, haien iritzia entzunarazteko. Politika mailan, ekonomia mailan, ingurumen mailan…gure gizarteak ideia berrien beharra badu eta gazteek hortan daukagu papel beharrezko bat. Horrelako topaketetan ere gira ohartzen Euskal Herri guziak badituela kezka berdinak: langabezia, etxebizitza, indibidualismoa, ingurumena, etabar.
Gure historia nahi badugu elgarrekin idatzi, atzo bezala bihar, Iparraldeko eta Hegoaldeko gazteek behar dute elgarretaratu eta elgarrekin “egin, pentsatu eta osatu”.

 

Iparraldeko gazteer gomita!
Bihotzetik espero dut heldu den urtean Datokigunearen bigarren urratsa emana izanen dela eta Iparraldeko gazte anitz hurbilduko dela egitasmo horretara.

 

Argitxu Camus-Etchécopar

Argitxu Camus-Etchécopar

 

Datorkigunearen berri ukan nuen proiektu hortan izena jadanik emana zuen lagun batenganik. Ideia biziki polita zela iduritu zitzaidan eta proiektuaz informazio gehiago  bildu eta, ene izenaren emaitea erabaki nuen.

 

Gazteen iritzia
Hiru pundu nagusiek animatu ninduten proiektu hortan parte hartzen. Lehenik gazteer haien iritzia galdegina izanen zitzaiela eta hitza emana izanen zitzaielako ideiak berehala erakarri ninduen.
 

 

Gazteen parte hartzea
Horrez gain, jorratuak izanen ziren gaiek ere interesatzen ninduten: gazteen parte hartzea euskal gizartean zoin izan daitekeen eta gazteak bortizki hunkitzen dituen miner (etxe bizitza, langabezia) aterabide zonbaiten xekatzea zuen helburu.

 

Euskal Herri osoko esperientziak  

Azkenik, nahiz eta Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko gazteek  erronka berdiner aurre egin behar diegun, hurbilagotik soeginez ñabardurak ainitzak dira. Ondorioz, Euskal Herri osoko ordezkariak bilera horietara hurbilduz, kuriosa nintzen ikustea Euskal Herriko beste xokoetako gazteek nola bizi zituzten erronka horiek. Trukaketa biziki aberatsa izan da azken hilabete hauetan bizitu duguna. Proiektu eder hortan parte hartu duten pertsona guziak bezala, ene ekarpena ekarri dut, ene experientzia pertsonala eta iritzi xumea beste kideekin partekatuz. Gauza berri ainitz ikasi dut, hala nola hegoaldeko gizarte edo ekonomiaz, hango gazteen esku diren tresnak adibidez ez baitira etsit guk ditugunak (etxebizitza baten bilatzerakoan adibidez). Erran behar da ere Eusko Ikaskuntzako antolazale eta animatzaileek ontsa pentsatu dutela bilera horien hariari. Garatukogenituen gaier loturiko bibliografia bat prestatuazuten, lehen ausnarketa pertsonala bat egin genezan bilerara jin baino lehen.
Gero, bilera egunean bertan, gai berezi horietan berezituak ziren adituak gomitatuak ziren.
Ordezkarien artean bilduko ginelarik tresnabaliagarriak ekarriko zizkigutenak. Ondorio positiboa ateratzen dut bilera horietarik. Bistan dena, orai ikusi beharko da hortik aterako diren punduak entzunak izanen diren...

 

Iparraldeko gazteer gomita!  

Iparraldeko gazteak gomitatzen ditut Datorkigunean  parte hartzera. Lehen lehenik aberastasun bat baita Euskal Herri osoko beste pertsonekin biltzea, trukatzea eta hori guzia euskaraz (ez baitira, maleruski, horrelako aukerak milaka)! Bigarrenik behar baititu Iparraldeak ere bere ordezkariak igorri, bere berezitasunak hor ager arazi. Azkenik, lagun berrien egiteko.


Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article