Abertzalea eta ezkertiarra / Abertzale et de gauche

Publié le par Alda

Amaia-Colina.JPG

Amaia Colina

 

Euskal kontzientzia abertzale eta ezkertiarra noiztik dudan erratea zaila zait, sortu naizenetik nire etxeko heziketan izan dudan zerbait baita; hasiera-hasieratik   sentitzen den zerbait, nortasunean dagoena. Nola azaldu hori arrotz bati?

Faire vivre le Pays Basque comme un pays à part entière...
Abertzalea da, aberri zalea, euskal hizkuntza, ohiturak, dantza, kirola, artea, literatura, bestak eta, oro har, kultura maite, bizi eta beretzat dituena. Abertzalea da, lurraldetasunari dagokionez, zazpi probintzien batasuna sentitzen duena, Euskal Herrian nahiz erbestean bizi: izaera hori duen giza taldearekin identifikatzen eta integratzen dena. Halaber, abertzalea da Euskal Herriak herri bezala bizirauteko eta garatzeko lan egiten duena eta horretan inplikatzen dena, zeinahi delarik ere bere jarduera-arloa: euskara ikasi edota irakatsi, hura bultzatzeko antolatzen diren ekimenetan parte hartu, kultura-elkarteetan lan egin (beti ere herri-ikuspegi batetik eta ez folklorikotasun hutsean eroriz), herrigintzan ari diren alderdi politikoetan zein eragile sozialetan militatu eta horren inguruan martxan diren egitasmoetan parte hartu edota berriak sortu, egunerokotasunean eta ingurune hurbilean, auzokoekin, lankideekin eta lagunekin, kontzientziatze-lana egin… Egunez egun egiten den lan horrek berebiziko garrantzia du mentalitateak aldatzen laguntzeko, eta, erran gabe doa, Ipar Euskal Herrian baitezpadakoa da lan hori.

... alors que le Pays Basque n’est pas reconnu en tant que tel !
Euskal abertzale batek eta frantses abertzale batek beren herriekiko duten sentimendua berbera da; ezberdina dena da euskaldunari eskubide hori ez zaiola aintzatesten eta etengabe errebindikatu eta borrokatu behar duela ezagutza lortzeko.


Partager toutes les ressources et richesses existantes de façon équilibrée en partant des besoins humains
Ezkerrekoa izatea zer ote da hitzek esanahia galtzen duten garai honetan? Nire ustez ezkerrekoa da, dauden baliabideak eta ondasunak modu orekatuan banatzeko prest dagoena, pertsona guztien beharrak asebeteko dituen sistema onartuko eta bultzatuko duena, arraza, ideia edo beste edozein irizpideren gainetik. Ekonomiarekin eta ongizate-gizartearekin lotuko nukeen kontzeptua da, biak uztartzen dituena: pertsonen ongizatea sistemen funtzionamenduaren edo irabazi ekonomikoen gainetik jartzen duena. Ezkerrekoa da inguruneaz eta planetaren etorkizunaz arduratzen dena, baliabide naturalen erabilpen orekatu eta arduratsua sustengatzen duena; bai eta norbanakoen desberdintasunak onartzen dituena eta, aldi berean, indibidualismo hutsaren, denak denen aurka aritzearen eta pertsonen arteko elkarlanik ezaren aurka egiten duena ere, jardunbide horiek baitira desoreka guztien sorburu.

S’impliquer dans différents domaines pour combattre les deséquilibres
Ezkerrekoa da desoreka horiek guztiak gerta ez daitezen ekimen askotarikoetan parte hartzen duena: talde ekologikoetan, sindikatuetan, elkarlana sustatzen duten egitasmo lekukoetan zein internazionalistetan; gai horien inguruan mezu pedagogikoak hautematen dituena eta hemen eta munduan gertatzen diren bidegabekerien berri ematen duena; gizarte-eredu justu bat proiektutzat duten talde eta alderdi politikoetan hori guztia bultzatzen duena.

Euskal abertzalea eta ezkerrekoa da, euskaldun sentituz, gure herriaren ezagutzaren eta aintzatestearen alde ari dena, eta baitezpadakoa ikusten duena herri honen antolaketan errekurtso ekonomiko zein ekologikoak biztanle guztien artean modu orekatu eta justuan banatu behar direla. Ongizate-gizartearen aldekoa eta munduko beste herriekiko solidarioa.

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article