Herritarren bizitza kalitatea helburu duen garapen iraunkorra

Publié le par Alda

Aritz-Otxandiano.jpg

Aritz Otxandiano, Otxandio (Bizkaiako) herriko auzapeza

 

Gero eta kontsumo gaitasun handiagoa,
gero eta pertsona garatuagoa eta zoriontsuagoa,
sinesmenarekin bukatu beharra daukagu
iraunkortasuneranzko trantsizioa egin nahi badugu.

 

Otxandio 1250 biztanle dituen herri bizkaitarra da, Arabako mugan dena. Ingurune natural batean kokaturik den herri industrializatu bat da. Alda! k bertako auzapeza den Aritz Otxandiano galdezkatu du jakiteko nola ari diren “bizitza kalitatea hobetzea helburu izango duen iraunkortasunean oinarritutako garapen eredu justuago bateranzko trantsizioa egiten”.

Zuen herri antolakuntza iraunkorra zer mailatan egiten duzue?
Gu herrigintzan sinisten dugun pertsona talde bat gara, esparru ezberdinetan jarduten dugunak: politikagintzan, udalgintzan, gizarte mugimenduetan, etab. Orain esku artean daukagun erronka hau batez ere udalgintzatik bultzatutako egitasmo bat da, baina gure herriko gizarte mugimendu eta eragile ezberdinekin konpartitu nahi duguna.
Gu oso kontziente gara iraunkortasunaren erronkak herri baten garapenean zer esana duten eragile guztien inplikazioa eskatzen duela, batez ere, gizarte zibil antolatuarena,administrazio publikoarena eta eragile ekonomikoena. Denak dira beharrezko eta denek daukate bere eran-tzunkizunaren partea. Iraunkortasuna denoi dagokigun erronka da.

Zer da zuentzat iraunkortasuna ?
Modu sinple batean esanda guretzat iraunkortasuna naturarekin orekan bizi-tzea da, hau da, gure ingurune naturalak eskaintzen dizkigun errekurtso eta baliabideak modu berriztagarrian ustiatuz bizitzea. Eta garapen iraunkorraz hitz egiten dugunean berriz, lehen aipatu dudan baldintza betez herritarren bizitza kalitatea helburu duen garapen ereduaz ari gara. Eta bizitza kalitatea ez da bizitza maila edo kontsumo gaitasuna bakarrik, hori baino zabalago eta sakonagoa den kontzeptua da, pertsonaren dimentsio osoa kontutan hartzen duena eta bere garapen integrala bilatzen duena.
Gero eta kontsumo gaitasun handiagoa gero eta pertsona garatuagoa eta zoriontsuagoa sinesmenarekin bukatu beharra daukagu iraunkortasuneranzko trantsizioa egin nahi badugu.

Zein dira zuen antolakuntza finkatzen dituzten parametro ezberdinak?
Gure iparrak iraunkortasuna, parte har-tzea eta euskalduntasuna dira. 3 zutabe horien gainean eraiki nahi dugu gure herriaren etorkizuna: Bere ingurune naturalarekin orekan biziko den herri bat, euskalduna eta herritarren parte hartze eta inplikazioa bilatzen dituena.

Zein mailatan iraunkortasunari buruz neurriak hartzen ahal dituzue Otxandion?
Iraunkortasuna guretzat zeharkako izaera duen oinarri bat da, hau da, herrian garatzen dugun edozein egitasmotan kontutan hartu beharreko baldintza. Dena dela, baditugu zenbait ideia-proiektu zeinetan iraunkortasunak pisu berezia hartzen duen.
 

 

*Horietako lehenak uraren ziklo integralaren kudeaketari eragiten dio. 2 dira arlo honetan ditugun erronka nagusiak. Alde batetik, gure inguruneak urtaro bakoitzean eskaintzen dizkigun ur errekurtsoekin bizitzen ikastea, errekek behar duten ur emari minimoa errespetatuz. Honek ur kontsumoa murriztera, ur sarearen kudeaketa efizienteago bat egitera, eta ur kaptazioetan hobekuntzak egitera behartzen gaitu. Bigarren erronka ur zikinen tratamenduarekin daukagu. Helburua araztegi konbentzionaletatik ihes egin, eta gure ingurune naturalak dituen ezaugarriekin bat etorriko den araztegi bat egitea da. Araztegi hori urmael eta zingiradi ezberdinen konbinazioan oinarrituko da, hondakin gisa tratatu beharrean ur zikinak errekurtso gisa tratatuz, eta horrela araztegia kokatuko den ingurune naturala berreskuratu eta balion jarriz.
 

 

*Bigarrenak energiaren alorrari heltzen dio. Kasu honetan eman dugun lehen urratsa gure ingurunean energia berriztagarrien ustiapenean izan ditzakegun aukerak aztertzea izan da. Azterketa horretatik 2 ikerketa ildo lehenetsi dira: Lehena gure basoek sortzen duten biomasaren aprobetxamendura bideratuta dagoena, eta bigarrena hondakin organikoekin eta abeltzaintzako hondakinekin konposta eta biogasa sortzera bideratuta dagoena. 2 energia iturri horiek Otxandiotarren bero beharrak asetzera bideratutako bero sare bat elikatuko lukete, eraikuntza publikoetatik hasi, baina etorkizunean herritarren etxebizitzetara ere hedatu ahal izango zena.

 

*Hirugarrena zaborren kudeaketarekin dago erlazionatua. Hemen batez ere Usurbilen sortutako esperientziari begira ari gara, orain arte hori delako iraunkortasunaren ikuspegitik zaborren kudeaketarako sistemarik eraginkorrena.

*Laugarrenak gure landa lurraren antolaketari eragiten dio. Helburua ondorengo klabeei erantzungo dien landa lurraren antolaketa bat definitzea da: elikadura subiranotasunari, energia subiranotasunari, eta gure ondare eta errekurtso naturalen babesteari. Antolaketa horren baitan definituko beharko ditugu, besteak beste, zein lur bideratuko ditugun nekazaritza eta abeltzaintzara, zein baso bideratuko diren biomasaren aprobetxamendurako, zein baso edo eremu babestuko diren edozein motatako ustiapenetik, nola kudeatuko den guzti hori, etb.
 

 

*Bosgarrenak mugikortasunari heltzen dio, momentuz barne mugikortasunari. Hemen helburu nagusia oinezko espazioak hedatu eta hauek auzoekin eta gure espazio naturalekin elkarlotzeko bide gorri sare bat garatzea da. Alde batetik oinezko eta bizikletaz egindako desplazamenduak lehenetsi eta bultzatu nahi ditugu, eta beste alde batetik herrien konfigurazio urbanistikoan azken urteetan kotxeak izan duen pisua nabarmen gutxitu nahi dugu. Herriak kotxeari begira antolatu izan dira, eta bada garaia pertsonari begira antolatu daitezen.
 

 

*Azkenik etxebizitzaren gaia aipatuko nuke. Gure ustetan jabegoa lehenesten duen etxebizitza politika publikoak eran-tzukizun nabarmena dauka herri askok azken urteetan jasan duten hazkunde desproportzionatuan. Horregatik, guk alokairua oinarri duen jabeko komunitario baten aldeko apustua oinarri izango duen etxebizitza politika bat garatu nahi dugu. Eta zentzu horretan, Kataluinian “Sostrecivic” izeneko elkartea egiten eta proposatzen ari denari begira ari gara. Etxebizitza eredu hau herrialde eskandinaviarretatik dator eta Europako hainbat herrialdeetan arrakastaz garatu izan da.


Nola gainditzen dituzue "muga legalak" herritarren borondate politikoa gauzatzea lortzeko?
Borandate politikoarekin. Azken hauteskudeetan gure herriak gehiengo osoa eman zigun eta gehiengo oso hori guk nahi duguna egiteko erabili beharrean herritarren parte hartzea bilatzen duten prozesuak bultzatu eta bertan erabakitzen dena errespetatzeko erabili nahi izan dugu. Hori izan da gure borondatea eta uste dut neurri handi batean lortzen ari garela, nahiz eta ez den batere erreza.

Nola diruztatzen dituzue zuen proiektuak?
Diru laguntza ezberdinak lortzen saiatzen gara, eta zentsu horretan, Tokiko 21 Agenda finantziazioa lortzeko tresna erabilgarria da. Proiektu guzti hauek gure Tokiko 21 Agendaren parte dira edo izango dira eta horrek diru laguntza deialdi ezberdinetara aurkezteko aukera irekitzen digu. Etorkizunean Europa mailako finan-tziazioa lortzeko aukerak ere aztertu beharko ditugu.

Aholku zonbait zuen ildoa segitu nahi luketenentzat?
Guretzat, eta Iñaki Antiguedadek egiten duen hausnarketa batekin bat eginda, oso garrantzitsua da eskualdearen eskala iraunkortasunerako trantsizioa diseinatzerako orduan.
Abiapuntua ingurunearen azterketa sakon bat izan behar da, ingurune horrek dituen ezaugarriak ezagutu eta trantsizioari begira dituen potentzialitateak identifikatu ahal izateko. Hortik abiatuta ikuspegi berritzaile bat oinarri izan behar duen hausnarketa prozesu sakon bati ekin behar zaio, herriko eragile ezberdinak bilduko dituena, eta garapen eredua eralda-tzea helburu izan behar duena.
 

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article