Koalizio zabalaren beharra

Publié le par Alda

Haritza Camblong

 

Hasteko, Xabier Harlouchet Alda!-ko koordinatzailea eta Eusko Langileen Alkartasuna-ren (ELA) Manu Robles fundazioa eskertu nahi ditut lerro hauek zabaltzeko aukera emaiteagatik.
Orain arteko emaitzak
Gaiaren mamira sartzeko, orain arte egin diren hauteskundeetako emai-tzak aztertu beharko lirateke.
Orokorrean, hauteskundeak lokalagoak izan eta abertzaleek emaitza hobeak lortu ditugu, logikoa den bezala. Hauteskunde lokalenak herriko etxeenak dira, bainan hauteskunde araudiaren eraginez, gehienetan abertzaleak abertzaleak ez direnekin aurkeztu izan dira eta beraz hauteskunde hauek ezin dira erreferentzia bezala hartu abertzaleen emaitzak baloratzeko. Kantonalak eta Akitaniako lurraldeko hauteskundeak (Akitania osoa hauteskunde-barruti soila bezala har-tzen duen legea aitzin) dira abertzaleen indarraren adierazgarrienak. Fran-tziar legebiltzarrekoak eta presiden-tzialak zabalegiak dira, eta frantses hedabideetan oso mediatizatuak, hedabide horiek abertzaleak bazter-tzen dituztelarik bistan dena.
Kantonalak eta lurraldeko hauteskundeak aztertuz, 4 emaitza aipatuko nituzke. Abertzaleek izan duten egokiena, nik uste, Galant-ek Baigorriko kantonamenduko azken hauteskundetan lorturikoa da. Horra emaitza horren ezaugarri batzu: Galant eskualdean gizon esperientziaduna eta ezaguna zen (Azkarateko mera). ABren izenean aurkeztu zen. Bigarren itzulian abertzale bakarra zen eta bere aurka zentroko eta eskuineko bi hautagai baziren. Abertzale eta ezkertiarrek estimatzen zuten gizona zen, eta gainera hauteskunde hortako egoeraz (beste bi hautagai) baliatu zen hiruen artean boz gehien lortzeko.
Kantonalei dagokionez, beste bi emaitza azpimarratuko nituzke, 1992ko kantonaletan, Daniel Camblong-ek Hazparnen eta Koxe Larrek Garazin eginiko emaitzak: bozen %27,6 eta %26,94 (%29,75, 2. itzulian) lortu zituzten. Camblong eta Larre haien eskualdean biziki estimatuak ziren. Lehena EAren kide izan zen eta ABren izenean aurkeztu zen bigarrena bezala (zerrenda bakarra izan zen bi eskualdeetan).
Azken emaitza azpimarragarria 1998ko Akitaniako lurraldeetakoa li-tzateke. Bi zerrenda abertzale aurkeztu ziren: AB (EA barne) eta PNB. Lehen aldia zen PNB iparraldean aurkezten zela. Bi zerrenden artean 14.000 boz baino gehiago bildu zituzten.
Azken urteetan, abertzaleen zerrendak emendatu dira eta erraiterako azken kantonaletan, kantoin batzuetan, 3 zerrenda abertzale (AB, Batasuna eta EA) aurkeztu ziren.
Ditudan datuen arabera, abertzaleen bozaren eboluzioak erakusten du 1998ko emaitzaren ondoren, ez dela emendatu.

Nahiz eta boz horiek ez emendatu, duela hainbat urte soilik abertzale batzuek defendatzen zutena, abertzaleetatik haratago joaiten den jende anitzek defendatzen du orain, iparraldearen institunalizazioaren edo euskal kulturaren eta euskararen inguruan erraiterako. Beraz erran daiteke abertzaleen hainbat aldarrikapen ondu direla eta jende anitzek sustengatzen dituela, abertzaleentzako bozkatzen duten jende kopuruak baino gehiago. Hor dira departamenduaren eta euskararen alde eginiko manifestaldi eta inkestak hori erakusteko.
Eraginkortasunaren bila
Orain arteko emaitzak laster aztertu ondotik, horra abertzaleek emaitza hobeak lortzeko eta beraz gure ekimenak eraginkorragoak izaiteko proposamen batzu.
1998ko lurraldeetako hauteskundeetan, PNBk zerrenda berri bat aurkezteak boz berriak ekarri zituen abertzaleei. Egoera berezia zen. Lehen aldia zen PNB aurkezten zela. Geroztik, abertzaleak zatiturik aurkeztu diren aldi oroz ez dute hain emaitza interesgarririk lortu. Abertzale guziak elgarrekin aurkezteko garaia heldu da nik uste. Iparraldeko lau alderdi abertzaleek oso hauteskunde programa berdintsua dugu. Elgarrekin aurkezteak, aldarrikapen horiek argituko lituzke. Abertzale sentitzen den jende askok ez du ulertzen (arrazoinekin!) zergatik aber-tzale zerrendak sakabanatuak diren. Gainera hain komunitate txikian alderdi desberdinen arteko kalapitak izaiteak ere ez dituzte onartzen, bereziki hauteskunde programak hain hurbilak izanik. Zentzu hortan, denak elgarrekin aurkeztuz geroz, zatituak girelarik nazkatua den eta bozkatzen ez duen hainbat jendek bozkatuko luke. Bestalde, elgarrekin aurkeztuz, abertzaleen ordezkaritza argiagoa izanen litzateke eta polarizazioaren eragina baliatuko li-tzateke normalki abertzale bozkatzen ez duten batzuen boza ere lortzeko.
Elgarrekin aurkeztea ez da emaitza on bat lortzeko baldin-tza bakarra noski. Beste baldintza bat hautagai egokiak hautatzea litzateke; esperien-tzia dutenak, ezagunak direnak eta alderdi abertzaleen aniztasuna ordezkatzen dutenak.
Hauteskunde programa
Beste baldintza bat, abertzale guziak ordezkatzen dituen hauteskunde programa bat adostea litzateke. Alde hortatik, arazorik ez legokela iduritzen zait, lehen aipatu bezala, gure programak oso hurbilak bai dira. Are gehiago, abertzale guziak elgarrekin joateko unea dela diodalarik, bereziki gure aldarrikapenak ondu direlako eta horien inguruan adostasun handia dugulako erraiten dut.
Azkenik, emaitza onak lortzeko beste baldintza bat balizko koalizio baten kideen arteko konfiantza handia izatea litzateke. Zentzu hortan, ABko ordezkari edo kide batzueri kritika eraikigarri bat egin nahiko nieke. Soilik iparraldekoa den alderdi bat zilegi den bezala, Euskal Herri osokoa izaitea ere zilegi da, eta errespetatu behar da. Harrigarria da nola batzuek hori ez duten onartzen, eta are harrigarriagoa nola, aldiz, erabaki garrantzitsu guziak Parisetik hartzen dituzten alderdiak askoz gehiago errespetatzen dituzten, behin eta berriz erraiten ari direlarik, AB ez diren alderdi abertzaleak hegoaldetik (haientzat Espainiatik!) kudeatuak direla. EAri dagokionez, orain arte iparraldeari lotuak izan diren erabaki guzietan, EAko Batzorde Eragileak iparraldeko kideek proposaturikoa onartu du.
Alda!-k proposaturiko gaiak, iparraldeko abertzaleen emai-tza aipatzen zuen, eta hortarako aipatu dut iparraldeko aber-tzaleen arteko koalizioa. Bainan egia erran, koalizio hori bereziki Batera plataformak defenda-tzen dituen aldarrikapenen inguruan eginen litzatekeenez, nik koalizio zabalagoa, ferdeak, Elgar-Ensemble-ekoak eta independente batzu batuko lituzkeen koalizioa nahiago nuke. Uste dut behingoz euskal nortasunak iparraldean etorkizuna izan dezan oinarrizkoak diren aldar-rikapenak lortzeko bidea litzatekeela. Horren ondoren, beste fase batera pasatzen ahalko gintezke, nun bakotxak bere izaerari loturiko aldarrikapenak aitzinarazten ahalko lituzken (hala nola EAk sozialdemokrazia eta Euskal Herriaren burujabetza), ziklo berri bat hasiz.
Horra nere hausnarketa. Noski, tronpatu naiteke, bainan uste dut abertzale asko antzeko estrategiarekin ados dela eta estrategia hori frogatzea on litekeela. Emaitzek erranen lukete ona den hala ez!
Bukatzeko, estrategia horren alde den jendea animatu nahiko nuke, heldu diren Frantziako legebiltzarreko hauteskundeentzat estrategia hori haien inguruan aktiboki defenda dezaten. EA joan den hauteskundetan hori aitzina eremaitea saiatu zen. Ea aldi huntan, denen artean lortzen dugun.

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article