“Matxinofesten” garaia

Publié le par Alda

Mario-Zubiaga.JPG


Mario Zubiaga, EHU-ko zuzenbide irakaslea

 

“Balak” eta herritar arruntok eman ahal ditugun “botoak” ez badira tresna egokiak benetako politikari ekiteko,

komunitate eta ekimen gertukoetatik abiatu beharko da “politikaren birpolitizatzea”


Ezkerraren eta abertzaletasunaren ildotik aurrera egiteko saiakeran, azken hamarkadako bilakaera politiko eta ideologikoak argi erakutsi digu ez direla jada borroka armatuaren garaiak.
Ez hemen, Europan, ez eta askotan eredugarri izan den Latinamerikan ere.


Gurean, ETAk bere garaian suposatu zuen berrikuntza, sistema politikoarengan ziurtasun eza sorrarazten zuena, aspaldian bilakatu da sistema bera gotortzeko eta sendotzeko tresna.
Ez da, besterik gabe, baliabide material edo pertsonalen aldetik neurtu daiteken agor-tzea.
Fenomenoa askoz ere sakonagoa da, munduko inguruabarrean eta euskal gizartearen bilakaeran errotzen baita ziklo bortitzaren amaiera.


Baina balen alternatiba ez da botoa, temati batzuk etengabean errepikatzen duten arren. “Ballots or Bullets” dilema, dilema an-tzua da. Zenbait autorek dioten moduan, benetako politika ordezkatuz, “administrazio post-politikoa” nagusitu da sistema demokratikoetan.
Politikoki litekeena denaren mugak aldez aurretik jakiteak politika bera itotzen du.
Politikaren bitartez ezin baditugu aldatu komunitatearen barne eta kanpo mugak, politika bera ukatzen ari gara. Krisi ekonomikoari ematen ari zaizkion erantzun kamu-tsak ikusita, nabari da eskenatokiaren atzeko aldera inortxok ez(in) duela begiratu: gidoia jakina da, jakina bezain antzua: ez(in) dugu herritarrok ezer erabaki, eta guk geuk hautatzen  ditugun eragileek ezin dute egokitu zaizkien roletatik irten. Arazo hau ez da isla-tzen arazo makroekonomikoei eman beharreko erantzunetan soilik.

Herriaren ahotsa ito edota bortxatua
Gertuago ere, “politikaren despolitizazioaren” adibideak nonahi ditugu: herriaren iri-tzia ezin da zuzenean ezagutu, gurean bezala, edota herriak bere iritzia argi adierazten duenean, Kataluniako Estatutua aldatu zenean bezala, ez zaio jaramonik egiten, hots, herriarren ahotsa ito edota bortxatu egiten da.
Emaitza, hortaz, aski gardena da: Politika egiteko modu jakin honetan, indarrean dagoen demokrazia honetan, ezin dugu gai ba-tzuetaz zuzenean erabaki, guk hautatzen ditugunak ezin dituzte haiek nahiko lituzketen politika publikoak bideratu, benetan erabakitzen dutenak herritarren kontroletik at daude, eta, zuzenean galdetzen zaigun kasu gutxi horietan, herriaren borondatea erraz bortxatzen da.
Politikaren hustutze honen ondorioa leku guztietara barreiatzen ari da: politika arruntarengandik urruntzea, gaitzestasuna, apatia. Egoera honetan, postpolitika modu horrek jendearen grina berpizteko erabiltzen duen tresna maltzurra da oso: eskuineko populismoa.

Merkatuaren legea
Jarduera politikoa enpresa baten kudeaketa eraginkorra besterik ez bada, merkatuaren legeak ezartzen ditu jarraitu beharreko ildoak eta bezero/herritarrari eman beharreko bazka –panem et circenses–, agintarien aginpidea sendotzeko baliagarria den “adierazpen populistekin” uztartuko da, batez ere “panem” nahikorik ez dagoenean: etsai argiak topatzea, buruzagi karismatikoak sor-tzea, xenofobia bultzatzea, sekurokraziaren (securocracy) izugarrizko hedapena... finean, gizarte kontrol autoritarioaren izpiritua, baina oraingoan, jendeak hala eskatuta, edo. Horrela gainditu nahi dute egungo sistema politikoek demokrazia partidistaren krisia.
Hauxe da, Zizeken iritzian, postpolitikari beharrezkoa zaion osagarria. Pasioa pizteko trikimailu gaiztoa.
Orain arteko “balak” eta herritar arruntok eman ahal ditugun “botoak” ez baldin dira tresna egokiak benetako politikari ekiteko, behetik, komunitate eta ekimen gertukoetatik abiatu beharko da “politikaren birpolitizatzea”. Populismo adjetiboa alboratuz, “populismo sustantiboa” izango litzateke herritar eta langile errepublikarraren protagonismoa sendotzeko bidea.
Laclau adituak, On Populist Reason (La Raison Populiste) liburuan ongi erakutsi digu, “populismo sustantibo” hori dela logika politikoaren muina: ekimen, eskaera, gizarte gune isolatuak kateatzen dituen logika, adierazle/diskurtso huts baten izenean eta erakunde-sistemaren logika desberdintzailearen aurrean.
Adjetibo gisa, populismoa edozer gauza izan daiteke, edozein politika mota biltzeko erabili daitekeen fardela.
Askotan, gehienetan, eskuinaren tresna. Logika sustantibo legez ulertuta, berriz, erradikalizatze demokratikoaren muina da populismoa. Sistema instituzionalak irentsi ezin dituen eskaeren arteko kateatzean oinarri-tzen baita. Ez dago erradikalizatze horren adibide garaikide arrakastatsu askorik.
Gure arteko gehienak xumeak dira, herri mailakoak: gizarte-indar desberdinen artikulazioaren bidetik erakunde-sistema nagusiek inposatutako edozein egitasmo geldiaraztea lortzen den bakoitzean, eta eredu alternatibo bat abian jartzen den bakoitzean, orduan esan genezake populismo demokratikoa piztu dela, mikro-populismoaren moduan bada ere.
Dena den, ezin dugu ahaztu, bizi izan dugun ziklo politiko luzea, adierazpide modu batzuei dagokienean agortuta dagoena, populismo mota horren adibiderik argiena izan dela urte askotan.
Indar aurrerakoi eta abertzaleen arazoa, oraingoan, zera da: nola mantenduko da populismo sustantibo, demokratizatzaile hori egoera politiko berrian, erakundeetan burutu beharreko lana krisian dagoen desberdintze logika partidistaren arabera egin beharko denean? Populismo sustantiboa ukatzen eta populismo adjetibo merkea hauspotzen den honetan?
Behetik gora hasi beharko da ziurrenik, oso behetik gora: enpresa, auzo, herri eta bailaretan.
Hortxe dute izugarrizko garrantzia, bailarak suspertzeko eta biziberritzeko egitasmo komunitarioak, behetik barneratzen dutelako benetako sostengarritasunaren ikusmolde holistikoa: hizkuntzan errotutako identitatetik hasi eta garraio-eredura, zabor-bilketa arrazionaletik, eskaintza unibertsitario autonomora.
Jarraitzeko eta hedatzeko modukoa da, zentzu horretan, Deba Goienan bultzatzen ari diren Bagara ekimena, transition mugimenduan oinarritutakoa.

Teknologia berriak eta gizarte sareak
Erabateko asmakizunik ez dago politikan. Horregaitik, munduan abian jartzen ari diren eredu berrietara adi egon beharko dute gurean aldaketa bultzatu nahi dutenek. Teknologia berriek ekarri dituzten gizarte-sareen eragina gero eta indartsuagoa da komunitate sentimenduaren eraikuntzan. Edozein ekimen politikok, gizarte gune deslotuak edota desmobilizatuak lotu nahi baldin baditu, ain-tzat hartu beharko lituzke tresna berri horiek. Esaterako, behetik gorako filosofia horretatik abiatuta, teknologia berriak lagun eta gure herriaren neurritasuna baliatuz, “euskal tea party” (haien eredua jarraituta, “matxino-festa” deitu beharko litzateke) modukoak sortu daitezke, Estatu Batuetakoaren eduki ideologikoak aldatuz, noski, baina haren “populismo adjetiboa” erabat alboratu gabe: indar politiko abertzaleetatik gertu baina guztiei presio eginez, hangoek alderdi errepublikarrarekin egin bezala.
Gizarte ekimen autonomoak, naziogintza garaikidearen erronka berriei erantzuna emango lioketenak sortuko dira akaso, eragile zaharren artean jada somatzen ari diren norabide ohikoek aurrera egiten badute. Izan ere, azken hilabeteotan eta ziurrenik baita etorkizunean ere, indar sozial eta politiko abertzaleen artean, sistemak ezarritako desberdintze logika errotzen ari da etengabean.
Inolaz ere jarraitu behar ez den adibidea ez dago urruti gainera: Katalunian, Estatutuaren erreforma galduaren adar jotze historikoaren ostean, hauteskunde autonomikoetan gutxienik lau alderdi “soberanista” aukeztuko dira, lehia bizian, alperrikakoan... Gurean ere, guztien erruz, antzeko prozesuak gerta daitezke, logika itsu hori behetik apurtu ezean.

Politika ulertzeko modu berritzaileak
Hegemonia soberanista bultzatzeko gaitasuna nondik etorriko den ezin da aurretik ezagutu.  Arian erakutsi behar da. Soberanismoaren eraikin diskurtsiboak lehen aipatutako “adierazle huts” horren funtzioa bete dezake, politika ulertzeko modu berritzaileak biltzeko aterpea: identitate irekia baina egituratua, sostengarritasunaren filosofia sakona, eskubide sozial eta politikoen defentsa irmoa...
Gakoa, ikuspegi hegemoniko batetik aztertuta, ekimenen arteko loturan, kateatzean datza, hegemonismorik gabeko kateatzean, sistema politikoak arautzen duen desberdin-tze logika hautsiko duena, baliokidetza logikaren mesedetan. Unean uneko lehentasunak izan beharko lituzke kate horrek, aldez aurretik ezin baita esan non piztuko den aldaketa sozial eta politiko soberanistan posizio sendo bat lortzeko gatazka (g)une aproposa: zabor bilketan, langile ba-tzuen borroka sindikalean edota Unibertsitate eredu merkantilistaren kontrako protestan.
Honek ez du esan nahi, dudarik balego, erakunde politiko edota sindikal klasikoen eragin-lana baztertu behar denik, edo behetiko komunitate-eraikuntza alboratu behar denik.
Ibilbide hegemoniko berritzailea abian jar-tzeko “adierazle huts” baten inguruko artikulazioaren komenigarritasunaz jabetzea da kontua. Areago oraindik, ezinbestekotasunaz.


Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article