Herri Mugimenduak

Publié le par Alda

Argazkia_Dani_Blanco.jpg

 

Jokin Azpiazu Carballo / Joxemi Zumalabe Fundazioa



Parte-hartze eta autonomia
esparru ezberdinak eskaintzeko

 

Joxemi Zumalabe Fundazioa hausnarketa eta ber-sortze prozesu batetik aurkezpen publikora pasatzeko bidean dabil. Horretarako, bere bidailagunak diren herri mugimenduei Martxoaren 17an, Zarauzko Putzuzulo ametsen fabrikan eginen duen aurkezpenaren berri eman nahi die data hori erabilia izan dadin herri mugimenduaren erakusleiho bezala. Beste behin ere, gure herri honetan herri mugimenduak bizirik, argi eta eragiten gabiltzala ikus dadin, era xume batean besterik ez bada ere.
Ildo honetatik ez dute nahi aurkezpena ekitaldi hutsa izan dadin. Bertan izanen direnei parte-hartze aktiboa izango duen aurkezpen mota bat prestatzeko lanean dihardute Joxemi Zumalabe Fundaziokoak. Hau zertan zehaztuko den hurrengo asteetan helarazia izanen zaigu, hedapenerako prestatzen ari diren ikus-entzunezko eta idatzizko material batzuekin batera.
Alda!k, Joxemi Zumalabeko koordinazio eta komunikazio lanetan buru belarri sartua den Jokin Azpiazuri xehetasunak azal-tzea galdatu dio, bi iritzi artikuluren bidez. 



Kuia.jpg

Joxemi Zumalabe Fundazioaren izaera
Joxemi Zumalabe Fundazioa 1995 inguruan jaio zen ekimen organizatiboa dugu.
Herri mugimenduak indartu eta berauei laguntza eta tresnak emateko asmoz sortua, une hartan, kideetako batek heren-tzia bat jaso eta diru hori Fundazioa sortzeari dedikatzea deliberatu zuen.
Honela, 1996an ofizialki inskribatu zuten fundazioa.
Ez zen hainbeste denbora (1993an izan zen) Joxemi Zumalabe Goenaga laguna hil zenetik, eta fundazioaren helburuek bere filosofiari ondo eusten ziotela ikusirik bere izena hartzea erabaki zuten. Joxemi Zumalabe euskalgintza eta herrigintzako hainbat eta hainbat ekimenen sorreran (tartean Argia eta Euskaldunon Egunkaria komunikabideak) lagundu zuen gipuzkoarra zen.
Fundazioaren izaera beti ere herritarra izan da, eta herri mugimenduekin oso loturik egon da.
Bere helburu eta abiapuntuetan herri mugimenduko eragile bezala irudikatu izan du bere burua. Urteetan zehar elkarlanean burututako ekimenak ditugu izaera herritar horren adierazle.

Herri Mugimenduak
Guretzat herri mugimenduak esparru zabal eta anitza dira. Euskal Herrian asko eta asko dira parte-hartze sozial eta politikoan murgildurik diren pertsonak, eta bakoitza bakana izaki, kolektibo eta elkarteak ere hala dira: anitzak. Helburu ezberdinak, erritmo ezberdinak, abiapuntu ezberdinak dituzte ugaritan, baina horrek ez du esan nahi (gure ustetan) beraien artean ez dutenik deus komunean.
Herri mugimenduak, behingotz, jendartea bera antolatu nahi duten korapiloak dira, parte-hartze eta autonomia esparru ezberdinak eskaintzeko bokazioa dutenak, eta zentzu horretan, estatuen eta merkatuen logikari erantzuten diotenak modu anitzetan. Azken finean logika merkantilista eta burokratikoek beren jarduna herritarren eta jendartearen desartikulazioan eta otzantasunean oinarritzen dute, eta herri mugimenduek honi erresistentzia bat eskaintzen dioten aldi berean, esparru berriak, diskurtso berriak eta babeslekuak eraikitzen dituzte.
Hari horretatik tiraka, herri mugimendua ez da mugatzen era “klasikoan” antolatuta dauden elkarte eta erakundeetara. Herri eta auzo denetan dauden sare sozialak, nahiz eta “lausoagoak” izan, berebiziko garrantzia dute arestian aipaturiko helburuetan. (Jarraitzekoa...)

 

Zer da zuen Herri Mugimenduen inguruko Ikuspegi Integrala ?
Herri mugimenduei buruz jardutean, bi joera nabari izan ditugu: Alde batetik, askotan herri mugimenduen jarduna ikuspegi “makro” batetik begiratu izan da. Honek adierazten du, gure parte-hartze moduak edo eragiteko erak kritiko berrikustean soilik esparru “handietan” gertatzen direnei so egin diegula: aldaketa ekonomikoak, politikoak, legediak eta errepresioa… Beste alderdi batzuk albora utziz, alegia alderdi subjektibo eta inter-subjektiboei.
Bestalde, azken hamarkadetan indibidualizazio prozesu garrantzitsua eman da jendartean, hein handi batean merkatuen dinamiken ondorioz, eta horrek azentua norbanakoan jartzera bultzatu gaitu askotan: gure egoera pertsonaletik aztertu izan dugu, adibidez, mugimendu batekiko dugun atxikimendua edo atxikimendu eza.
Gure iritziz, herri antolatuaren jarduna (bere aniztasun eta zabaltasunean) ulertu, berrikusi edota bultzatzeko ezin diegu alderdi pertsonalei soilik erreparatu, ez eta egiturazkoei. Ezinbestekoa dugu alderdi guzti hauen artean dauden lotura eta konexioak ulertzea, gizarte eraldaketan eragin nahi badugu.

Zein dira Zumalabe Zentruaren asmoak?
Martxan jartzen ari garen proiektu honetan (Herrigintzarako Zumalabe Zentrua deitu duguna) hein handi batean lehenagotik ere Fundazioak mahai gainean paratutako helburuei eutsiko diegu. Herrigintzaren esparrua eta herri mugimenduak indartu eta bultzatu asmoz, hainbat lan-lerro irekitzea dugu asmo, astiro-astiro eta denborak lagundurik.
Honela, gure ekimenean hausnarketa eta gogoeta ekintzaileari ekin nahi diogu (herri mugimendutik abiatuta, gure esapide ideologiko eta teoriko propioak eraikitzeko gai izan gaitezen); formazio eta transmisioari (era horizontalean berau ulertuz eta esperientzia eta jakintzak trukatuz, beharrezko ditugun baliabideak eskuratzeko, herri mugimenduen ondaretik abiatuta); dinamizazioaren laguntzari (elkarte eta mugimenduen arteko elkarlana sortuz gero, beren artikulazioan lagunduz ahal dugun heinean) eta azkenik antolakuntza-funtzionamendua hausnartu eta hobetzeari (taldeen barne dinamikak hobetzeko materialak proposatuz eta taldeen baitako botere harremanez kritikoki hausnartuz, gure taldetik bertatik hasita, noski).

Proiektu honen nondik norakoak zehazten ahal dizkiguzu?
Proiektu hau martxan jartzeko prozesua luze xamarra izan da, baina hala behar zuen izan.
2008an, Espainiako Auzitegi Gorenak 18/98 sumariotik gure pieza absolbitzea erabaki zuen. Beste batzuek ez zuten halako “zorterik” izan eta oraindik ere herri mugimenduaren aurkako eraso bortitz haren (eta beste batzuen) ondorioak jasaten ari dira. Handik gutxira erabaki zen nolabait fase hori itxia zegoela eta aurrera jarraitzekotan proiektu berria jarri behar zela martxan.
Lan ugari egin ondoren, 2011ko udaberrian proiektua herri eragile ezberdinei aurkezten hasi ginen eta beraien ekarpen eta inpresioak jasotzen.
Hortik gure proiektua bera moldatu dugu, eta azken hilabeteak gure egitura-tze, antolakuntza eta saretze lanetan aritu gara.
2012arekin batera, proiektua publikoki aurkezteko garaia dela ihardetsi dugu, eta horretan ari gara, idatzi, elkarrizketa eta bestelako ekimenen bidez.
Martxoak 17an Zarautzko Putzuzulo Amets Fabrikan burutuko dugu aurkezpen publikoa, eta noski gonbidatuak zaudete.

 


www.joxemizumalabe.org
Argazkia: Dani Blanco

 

18-98_Mobilizazioa_2006.JPG

Publié dans Orotarik

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article