Sindikalismoa eta abertzaletasuna ene bizian
par Michel Thicoipe (*)
Lanean hasi nintzen mila bederatzi ehun eta hirurogeita hamarrean, Lur Berri kooperatiban, abere hazkuntzari buruzko alean. Lantegi horretan sindikatu mugimendua bere abiamenean zagon, CFTC elkartea baitzen ordu arte plantatua. Hirurogeita zortziko gertakarien ondotik, langile zenbaitek, ikusiz sindikatu horretako norabideak ez zirela egokiak beren ideiekin, deliberatu zuten lehenik beren desirak agertzea sindikatu horretan berean, baina zaila zenez, hartarik atera ziren beste mugimendu baten pizteko. CFDT sindikatua hautatu zuten orduan, autogestioa bultzatzen baitzuen honek eta horrekin ados baitziren orduko militante gazteak. Langileetan, gehienek bide hori hautatu zuen.
Ni sartu nintzelarik, ordu arteko gatazkak bukatuak ziren, baina eguneroko giroan sentitzen zen oraino gauzak ez zirela iduri bezain errazki pasatu. Herra gaitza zen bi sindikatuen arteko bultzatzaileetan, baina ere argi, alde batetik, nagusiaren aldeko kadre batzuk atxikitzen zutela CFTC sindikatua eta, beste aldetik, iraultzaile deituak ziren gazte zenbaitez osatua zela CFDT. Orduko gazte heietan kausitzen ziren estudiante ohi batzuk, 68-eko kale borrokan parte hartu zutenak, MRJC laborari mugimenduan formatuak izan ziren zenbait, eta abar.
Ene lagunak horiek ziren. Ez nuen beraz duda izpirik ere izan jakiteko zer alderdi hautatuko nuen, eta sindikatu horretan sartu nintzen mila bederatzi ehun eta hirurogeita hamaikan, behin oinarri militante gisa, nakien baino gehiago bainuen ikasteko.
Emeki-emeki, giroan sartu nintzen, behin sindikat-konseiluan sartuz bulegoko kide bezala eta hirurogeita hamabian, "délégué syndical" bezala izendatua izan nintzan eta hala izan hamabi urtez. Ondotik, beste kargurik ere bete ditut, beti CFDT elkartean.
Halere, sindikatu mailan, ez gara beti ados izan Nazional mailatik heldu ziren norabideekin, eta bitxi bada bitxi, ez gara sekulan osoki integratu elkarte horretan: anitz gatazkaz osatuak ziren gure goi-mailako elkarretaratzeak, eta aldi bat bainio gehiagotan iraultzaile bezala klasatuak izan gara, gainera Euskal Herriko problematika ere azaltzen bai genuen eta kontutan hartzen ere gure eguneroko eginbideetan, alabaina guretzat bestela ezinezkoa zitzaigula ta. Hargatik aitortu behar dut Lur Berrin, nazional mailako egitura eta funtzionamenduko errextasunak baliatzen gintuela ahalkerik gabe, zeren eta gure lehentasuna ematen bai genuen lan baldintzari, langileen dretxoen defentsari eta sindikalismo zintzo eta azkar baten bultzatzeari.
Baina, argi zegoen, bai ene baitan bai ene lagun askoren xedeetan euskal problema eta langintzaren artean loturak bazirela, eta horrela segitu dugu, kanpotik barnetik baino gehiago zorigaitzez, bi arazo horiek ahal bezainbat lotuz elkarrekin eramanez.
Abertzaletasuna, erran nezake, ondotik jin zitala, ohartu nintzelarik Euskal Herrian ere nagusiak beti nagusi zirela eta beraz gure sindikalismo egitateen errealitateak bazuela kanpoan ere eragin bat. Abertzaletasuna ez zen enetzat herri baten eraikitzea, mintzaira baten berpiztea, kultura baten altxatzea bakarrik, baizik eta herrian bizitzeko ahal eta gaitasunen ematea herritar guziei, bai lan munduan, bai kultura munduan, bai eguneroko jokabidetan, nork bere euskaltasuna agertzea eta ahalke gabe bizitzea maila guzietan.
Hargatik, ez naiz sekulan alderdi politiko batean sartu, ez bakartasunean hobeki egokitzen nintzelako, baina pentsatzen bainuen egitura batean kokatuz ez nintzela arras libre izanen ene pentsamoldeen eramateko edo bultzatzeko. Izan daiteke ere ez nuela hemengo alderdi edo partiduetan aurkitzen ene ideia politikoei aski hurbiltzen zenik, eta alde horretarik, badaiteke nonbait aski bitxia izan naizenik bakarrik egoteko...
Bakarrik, baina besteen artean eta Euskal Herrian, elkartasunari ez dut sekulan uko egin, hori gabe ez baita sekula eraikiko gure Herria.
(*) CFDTko militante ohia.