"Globalki hausnartu behar da!"

Publié le par Alda

Mikel Aramendi

Merezi al du mundu zabalari so egitea geurea bezalako herri ttiki batetik? Zertarako balio digu horrek?
Beharra gehiago da gustua baino, langintza horretarako daukaguna. Gaur egungo munduan dena dago hain elkarlotua ze geure bizimodurako erabakigarria izan daitekeen zernahi, munduaren beste puntan gerta daitekeela edozein egunetan eta edozein ordutan. Agian, "tximeleta efektua" deitzen den hori (hau da, Txinan hegatzen den tximeletaren mugimenduak, ondorioen elkar-jarraipenaz, lurrikara bat sor eragin dezakeela Kalifornian) gehiegikeria edo karikatura bat da, baina sakoneko egia bat adierazten du: dena dago elkarlotuta... batez ere gaur egungo mundu globalizatuan.
Irakeko gerra fisikoki urruti geratzen zaigu eta, geure agintari kaikuek behingoz hartan ez sartzeko edo handik ateratzeko zuhurtzia eduki bazuten ere, egun guk nahi eta ez irentsi behar dugu egunero handik heltzen zaizkigun albiste latzen oihartzuna, ordaindu behar dugu petrolioa duela hiru urte baino askoz gehiago, Estatu Batuen zor ikusgarriaren ondorioen beldur izan behar dugu eta, gainera, harez geroztik biziro oldartu den islamismo erradikalenaren ekintzak paira ditzakegu. Kontutan hartzen badugu ze ondorio politiko izan dituen Hego Euskal Herrirako 2004ko Martxoaren 11ko Madrilgo atentatu borti-tzak, bistan da Irakeko auzia ez zaigula batere arrotza, urruti dagoen arren.
Gauzak horrela, argi dago hobe dela eragin horien sorburuak, zergatiak, indarrak, e.a. aldez aurretik ezagutzea, ahal dugun neurrian, gerora txunditurik eta nahasturik esplikazio bila aritzea baino.
Baina ezagut al daitezke ongi munduko arazo horiek baliabide gutxi dituen herri txiki (eta estatu edo antzekorik gabeko) batetik?
Informazioaren oinarrizko aburuetako bat da gauza bat direla datuak, informazioaren osagai kuantitatiboak, asko edo gutxi izan daitezkeenak; eta oso bestea dela kualitatiboa: datu haien interpretazio edo hausnarketa, ona edo txarra izan daitekeena. Alegia, datu gutxi edukiz interpretazio onak egin daitezkeela; edota alderantziz, superpotentzia hiper-jakintsuen kasuan behin baino gehiagotan ikusi dugun bezala: espioitza zerbitzu eta dokumentazio iturri handienak eduki arren, analisi burugabeak egiten dituztela eta, okerragoa dena, analisi oker horien araberako apustu okerrak egin dituztela. Lehen aipatzen nuen Irakeko kasuan estatubatuarrei, edota sobietarrei Afganistanen gertatuaren arrazoietako bat behintzat hori da.
Egun, informazioaren teknologiek eta mundu mailako sare informatizatuek ("internet" dei genezakeen horrek, bereziki) norbanakoei edo gizatalde txiki eta ahulei izugarrizko informazio eta hausnarketa iturriak eskaintzen zaizkie. Noski, ez da "har eta jan" egin daitekeen zerbitzu bat: hartu, garbitu, aztertu, interpretatu, balioztatu eta azkenean hausnartu egin behar du erabiltzaileak nahas-mahaseko informazio hori. Askotan okerra, beti ere interesatua, ezinbestez partziala... delako.
 Baina analisia eraikitzeko "adreiluak" ia edonoren esku daudela esan genezake, kantitate oso handian. Estatuen informazio zerbitzuek ere, euren jakingarrien gehiengo oso zabala, gero eta gehiago, "iturri publiko" edo "irekiak" deitzen diren horiexetatik ateratzen dituzte. Lehen espioi eta bulegari mordo batekin eskuratu behar zena, bekadun batek lor dezake egun interneten estatistikak eta web ofizialak arakatuz. Baina hortik aurrera, aztertzaileak bere baitatik, esperientziatik, zuhurtziatik atera behar du "etxea", analisia, zuzen eraikitzeko behar den "zementua" eta "planoa", hau da, interpretazioa.
Etorkizuneko mundua "aurreikusten" ahal litzateke, beraz, analisi eta ikerketa zuzenak eginez gero…
Ez, noski. Geroa aurreikustea gizakiaren utopia zaharrena da; eta iragana gogoratu eta hausnartzeko eragile nagusia izan da, baina oraindik utopia izaten jarraitzen du. Zorionez, beharbada; bestela, biharamuneko egunkaria irakurtzeko ahalmena zuenari gertatu zitzaiona gertatuko litzaiguke.
Geroa "aurreikustea", pronostikoak eraiki eta haietarako egokitzapenak diseina-tzea, haatik, gero eta jarduera emankorragoa bihurtzen ari da nazioarteko harremanen eta aholkularitza politikoen alorrean. Baina eguraldiari buruzko pronostikoekin gertatzen dena betetzen da horiekin ere, gutxi gora behera: zenbat eta epe luzeagorako egin pronostikoak, orduan eta fidagarritasun gutxiago dute; eta epe jakin ba-tzuetatik aurrera, Nostradamusen profeziak bezalatsu dira.
Berrirakurtzen baditugu 60etako hamarkadan Rand Corporationek edo JJSSk ida-tzi zituzten aurreikuspenak, berehala ohartuko gara nola, gauza batzuetan asmatu arren, ez zirela gauza izan geroztik gertatu denaren ildo nagusienetako batzuk (informazioaren teknologien garapenak erakarriko zituen aldakuntza handiak, demagun) zuzentasun minimoaz aurreikusteko. Bidenabar, interesgarria da Nora-Minc txostena berrirakurtzea, baita ere.
Aldiz, E. Todd-en ospe nagusia, Sobiet Batasunaren inplosioa hamar urte lehenago nahiko zuzen "ikusi" izanari zor diola esan daiteke. Irakeko anabasa iragartzen zuten analisiak, ordea, milaka izan ziren AEBen erasoaren aurretik, baina Bushek nahiago izan zuen beste batzuek adierazten zioten "esne saltzailearen ipuina" sinetsi…
Zergatik dute mundu mailako "desafioek" horrenbesteko garrantzia tokian tokiko bizimodu eta proiektuentzat?
Globalizazioa hitz bat ez ezik errealitate bazter ezina delako jada denontzat. Munduaren interkonexioa eta sinkronizazioa biderkatu egin da azken hamarkadetan: finantzak, ekonomiak, informazioa, kultur ereduak… elkarlotuta daude egun mundu osoan.
Betidanik gizarte edota estatuen gaindikoa izan dena gehitu behar zaio horri: klima, ekologia, oinarrizko hainbat baliabide, jakintzaren ustiapena.
Egungo "desafio" nagusi guztiak atal horietakoak dira, eta logikoa da "Think global, act local" ikusmoldea alor guztietara zabaltzen aritzea.
Gogoeta eta azterketen alorrean ondorioa argi eta garbia da: globalki hausnartu behar da, lekuan lekuko arazoak ulertzeko, eta politika zuzen eta eraginkorragoak bultzatu ahal izateko. Adibideak, nahi ahala dituzu: inmigrazioa, deslokalizazioa, ingurumena,…

Gaur egungo munduaren
bederatzi erronka
geo-estrategiko handi 

Mikel Aramendi
nazioarteko arazoen aztertzailearekin

Heletan

Urtarrilaren 26, 27 eta 28an

Asteburuaren egitaraua:

1) Noiz arte iraunen du Estatu-Batuen hegemoniak?
2) NBE: gobernuen gobernua edo GKEen GKEa?
3) Europaren bat egite politikoa gertatuko dea XXI. mendean?
4) Txina demokrazia bilakatuko dea?
5) Gerla nuklear bat gerta daitekea heldu diren urteetan?
6) Noraino doa globalizazioa?
7) Emaztearen emantzipazioa prozesu unibertsala eta itzulezina dea?
8) Pobrezia hutsa zinez desagerrarazten ahal dea?
9) Noiz da petrolioa agortuko?

Asteburua urririk da
bainan aitzinetik izena eman behar da
ondoko helbidera:
ipar@mrafundazioa.org
edo 06 14 99 58 79ra deituz.


Publicité

Publié dans Hitzaldi - Conférence

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article