Zergatik izan euskaldun?

Joxe Manuel Odriozola, euskara erakaslea eta saiakera egilea
“Utiliser la langue basque dans toute sa richesse et avec plaisir” c’est le thème travaillé dans la rubrique “Euskaraz Bizi!” d’Alda! Le site www.mrafundazioa-alda.org. met en ligne la réflexion de plus d’une dizaine de participants à cette réflexion.
Dans le cadre de son intervention à la série de conférences ‘Otsail Ostegunak’ organisée par l’association 2abalik à Saint-Palais, Alda! a rencontré Joxe Manuel Odriozola, enseignant de basque qui a accepté d’apporter sa contribution à la réflexion “Euskaraz Bizi!”
Euskarak egiten gaitu euskaldun, eta hori Euskal Herrian bakarrik gertatzen da munduan.
Euskaldun izatea gizaki izateko modu bat da, munduan egoteko era bat, eta munduan izateko eta egoteko modu hori euskarari zor diogu.
Frantsesez bizitzea frantsesa izateko modu bat den bezala, euskaraz bizitzea euskaldun izateko modu bat da. Nolabait ere, hizkuntza batean bizitzeak nazio-kultura bat dakar, eta nazio-kultura horrek eraikitzen digu gure herri eta pertsona-identitatea.
Ez dezagun ahantzi gaurko munduaren moldaeran ezin askatuzko lokarriz josiak daudela elkarrekiko hartu-emanetan identitatea eraikitzen duten elementuok: hizkuntza, kultura eta nazioa.
Gizarte nazionalen munduan bizi gara, globalizazioa gorabehera.
Euskaldun izatea, gizateriak sortu duen kulturazko ekositema anitzaren kate-maila bat
Euskaldun izatea ez da besteak baino "hobea" edo "makurragoa" izatea. Euskaldun izatea bestelakoa izatea da. Euskarak diferente eta berezi egiten gaitu. Eta hori berez ez da hobea edo makurragoa. Hori kulturazko ekosistema berezi baten emai-tza da. Aniztasun linguistikoaren eta kulturalaren ondoriozko herri-izaera bat. Aniztasuna baita giza kulturak daukan altxorrik miresgarriena: giza historian barrena milaka eta milaka hizkuntza sortu izana giza kulturaren historian gertatu den gauzarik handiena da. Hizkuntz aniztasun horren kate-begi bat gara euskaldunok eta guk euskaldun izateari utziko bagenio gizateriak sortu duen kulturazko ekosistema ani-tzaren kate-maila eten egingo genuke.
Hots, orain arte gizateriaren kulturari egin diogun ekarpenik handiena, gizaki euskaldun izateko eredua, eten egingo genuke, eta, horrenbestez, kultura unibertsalaren sisteman pluraltasunaren ñabardura bat galduko litzateke. Munduko kulturen uniformizazioa eragingo genuke. Gizateriari aberastasun antropologikoa erauziko genioke.
Zergatik dira hizkuntzak animaliak eta landareak baino gutxiago?
Bioaniztasuna hain aberasgarria eta erabakigarria baldin bada ekosistemaren egituran, zergatik dira hizkuntzak animaliak eta landareak baino gutxiago?
Hizkuntzak egiten gaitu gizaki, oroz gain, eta, horregatik, ez da aise ulertzen zergatik dauden horren gutxietsiak hizkuntzen eta kulturen ekosistemak. Oroz gain gizaki egiten gaituen balio antropologikoa halako animalia edo holako landarea baino hutsalagoa ote da bada? Ez du inolako zentzurik gaurko mundutar askoren jokabideak: gizaki izateko modu bereziak hiltzen uzten ditu, batetik, axolagabekeriarik handienaz, eta animalien edo landareen munduan gertatzen ari den galera dela-eta goibeldurik dago, bestetik.
Bioaniztasuna maite badugu...
Izan gaitezen, otoi, orekatuak zinez: bioaniztasuna maite badugu, maite dezagun halaber hizkuntz eta kultur aniztasuna. Bestela ezin da sinesgarria izan ekologismoaren galeraz hainbatek eta hainbatek azaltzen duten arrangura.
Errealitatea euskaraz edo frantsesez irudikatzea antzeko gauza?
Alabaina, oker bide nabil ni hizkuntzaren aldeko apologia hau egitean, hizkun-tzak ez omen du eta nik aitortzen diodan garrantzirik.
Hizkuntza komunikatzeko lanabes edo instrumentu soil bat omen da. Eta, jakina, instrumentu baten funtzio mekanikoa besterik betetzen ez badu, zer axola dio euskara edo frantsesa erabiltzeak? Euskalduna edo frantsesa izateak? Instrumentuak, izan ere, jadanik sortua dagoen mundua, gizartea eta kultura transmititzeko besterik ez luke balioko, eta alde horretatik so eginda, errealitatea euskaraz edo frantsesez irudikatzea an-tzeko gauza izango litzatekeela dirudi.
Mundua eta gizartea eta kultura eta… ez baitira sortu hizkuntzaren bitartez, ez baitira etnosoziolinguistikoak. Beraz, linguistizitaterik ez dauka gizarteak, giza errealitatea ez da hizkuntzazkoa izaeraz eta jardunaz, eta, horrenbestez, zer axola dio denok anglofonoak bihurtuta ere? Galera hutsala, bistan denez.
Alabaina, frantsesa frantses eta espainola espainol ez ote ditu norberaren hizkuntzak egiten hein ohargarri batean? Frantsesari bost axola ote zaio espainol izatea edo espainolari frantses bilakatzea hizkuntza trukatuta? Izan ere, hizkuntzak giza errealitatearen sorkuntzan eskurik ez baldin badu, ez luke trauma handirik sortu beharko hizkuntza-aldaketa horrek.
Hizkuntza ez da instrumentu mekaniko soil bat
Euskaldunok biziki ontsa dakigu, ordea, euskaldun izatearen eskarmentuak hala erakutsi digulako, hizkuntza ez dela instrumentu mekaniko soil bat hor garunean nonbait jadanik sortuak ditugun ideia eta sentierak aditzera emateko.
Badakigu euskaraz bizi bagara euskaldunak garela, eta espainolez edo frantsesez bizi bagara, aldiz, espainol eta frantses garela.
Euskararik gabeko euskal herritarra eta herria... nazio-identitate arrotz baten sorkariak
Zergatik dakigun? Hizkuntzaren eskuak gizataldeen identitate-eraikuntzan esku-hartze zuzena duelako. Alabaina, tamalez, abertzale anitz, gehienak agian, oraindik ez bide dira ohartu euskararik gabeko euskal herritarra eta herria ez direla euskaldun, nazio-identitate arrotz baten sorkariak baizik. Noiz arte? Noiz hasi behar du mundu abertzaleak bere burua euskalduntzen?
Joan den otsailaren 26an, Donapaleun, Joxe Manuel Odriozolak bere ikerketa eta gogoetak partekatzen zituen 50 pertsonekin. “Oinarri etnonazionalik gabe ez dago naziorik” izenburuko dokumentoa lagun, solasaldiak euskalduntasunak abertzaletasunarekin duen hartu-emana zertan den ikusteko parada eman du.
Besteak beste “Zer da euskaldun izatea? Zer da aber-tzale izatea? Zerk bereizten ditu?” etab. galderen inguruan gogoetatzeko parada eman du gaualdiak.
Jarraiaian, “Otsail Osteguneko” gaualdian gogoetatuak izan diren zonbait datu atxemanen dituzue. Abertzale eta euskalzale ororentzat tresna lagungarriak dudarik gabe.
Euskal Herria, euskararen herria da... baina euskaraz bizi den herria oraino ez.
Nazio kulturala hizkuntza, historioa eta tradizio konduek dute definitzen. Horri gehitu behar zaio nazioak duen “auto-konzientzia” edo izaite horren edo balore horien sentimendu partekatua. Nazioa euskaratik sortu behar da, zeren frantsesez eta españolez biziz Euskal Herrian, español eta frantses nazio kultura garatzen da eta ororen buru frantses eta español nazio politikoa sustatzen.
Elebiduntasun soziala / Elebiduntasun pertsonala
Euskal Herriak diglosia egoera bat bizitzen du. Hots, euskarak española eta frantsesarekiko egoera sozio-politiko ahulago bat bizitzen du. Egoera hortan kasu egin behar da elebiduntasunaren gaiarekin. Maila indibidualean, ele aniztasuna, aberastasun bat da. Ez da dudarik. Maila sozialean, elebiduntasunak aldiz, ez du euskararen bizi iraupena konpontzen... gehienetan hizkuntza bat bestearen ordez erabiltzen bada (española edo frantsesa euskararen ordez), hizkuntza minorizatu batek (indar eta erakarpen sozial gutti dituenak) erabil guneak galtzen dituelako...
Ofizialtasuna... beharrezkoa baina ez aski!
Hegoaldearen kasua hartuz, esparru ez formaletan euskara galdu da. Euskarak pentsamendu, sentimendu arloetan atzera egin du, baina funtzio formal-sinboliko-folklorikoak atxiki ditu. Hots, hizkuntza baten egoera ikus pundu kantitatibotik ikusteak (eskola edo administrazio hizkuntza bilakatzea adibidez) eta ikuspundu kalitatibotik ikusteak (erabilpen edo praxi soziolinguistikoak, normalizazio sozialak edo pertsonek eta egiturek euskaraz barnetik funtzionatzeak) ez dizkigu ber ondorioak atera arazten hizkuntzaren egoerari buruz.
Publicité