Festibal polizentrikoa

Publié le par Alda


Elixabet Aiçaguer
- EHZ elkarteko lehendakaria

2009ko berrikuntzek,
antolatzaile eta laguntzaile munduan
energia positibo bat ekartzen dute!

Nor zaitugu?
Elixabet Aizager deitzen naiz, 23 urte ditut eta amizkuztarra naiz. Ikastolan baxoa pasatu orduko, bost urtez psikologia ikasten egon naiz Bordalen. Gaurko egunean estudioak segitzeko xedea dut, horretarako sozial eta osasun arloko konkurtsoak pasatzen ditut. Bestalde, Baionako rugbi neska taldeko jokolaria naiz. EHZ elkarteko lehendakaria izanki eta 2 elkarte horietan inplikazioa errexteko, ene ikasketak Euskal Herrian segitu nahi ditut.

Nola garatu da EHZrekin zure harremana?
EHZ festibala 1996an sortu da; 8 urtez Arrosan egon da. Ondotik, Xiberuan, Idauze Mendin 5 urtez instalatu da. 14.edizioarentzat Baxe Nafarrora, Heletara itzuli da. Ene engaiamendua, urtez urte garatu da. Arrosan hasi nintzelarik laguntzaile gisa festibalean parte hartzen 14urte nituen. Anai eta ahizpa handien segida hartu nahian, ikastolako lagun taldearekin festibalean parte hartzea naturala iduritu zitzaigun. Garai hartan, oinarrizko 3 lan txandak betetzen zituen laguntzailea ginen. Pixkanaka pixkanaka ardura postuak hartu genituen. Iaz, bi lagunekin administrazio kontseiluan sartu ginen. Nere esperientziak laguntzaile ainitzen istoria isladatzen du. Belaunaldiz belaunaldi izan den errelebuak, 13 urte dituen festibal baten indarra erakusten du.
Orain arte egin duen bideaz fiersko da festibala, ibilbide xumea eta hein batean ibilmolde alternatiboek haien frogak egin dituztelako. Naturalki, 2009ko proiektua toki aldaketarekin batera barnealdakuntza bat ekartzen digu. Honek ez du kentzen festibala, ohizko festibalaren aberastasunetan, baloreetan oinarritzen dela.
Festibala hitz laburretan
Festibala, musika festibala da, 3 egunetako besta da, laguntzaileek egindakoa, euskara eta euskal kulturaren erakutslehioa da, munduari idekia den topaketa gune bat da, Euskal herrian eta Euskal Herritik kanpo ixilpean atxikiak diren arazoen bozgorailua izan nahi du, bertako aktoreekin, eta sozial arloan, kultur arloan engaiatuak diren elkarteekin lan egiten du...
2009ko berrikuntza zer da?
Gure xedea da, berrikuntza bat ekartzea, indar berri baten sentitzeko. Aldakuntza hori bi mailetan nabarituko da. Heletan diren azpiegituren ugaritasunak, festibala polizentriko bat ahalbidetzen digu. Hala nola, animazio desberdinak antolatzeko herriko xoko guziak erabiliko ditugu. Bestalde, eguneko animazioen edukia indartuko eta kopurua biderkatuko dugu. Gustu guztietarik izanen da, momentu azkarrak eskainiko ditugu, animazio ibiltariak, musika, dantza, antzerki... Horrek, bestaegile bakotxak haren festibala eraikitzen ahalko duela segurtatzen digu. Animazio taldeak festibala herrikoia, partehartzailea, eta belaunaldi desberdinen topagunea bilakaaraztea du helburu berritzat.
Heleta herri xarmantak berez giro herrikoia ekarriko digu. Bertako eta hegoaldeko elkarte eta taldeeekin elkarlana indartuz, trukaketak eta ezagutzak egiten diren topagune bat izanen da. Adibidez, urte guziz igandez, Euskal herriko laborantxa ganbararekin antolatutako zikiroaren ideia atxikiko dugu. Festibala partehartzailea bilakaarazi nahi dugu, bestaegilea kontsumitzaile hutsa ez dadin izan, iniziazio atelierrak antolatuko ditugu, bereixketari sensibilizatzen ditugu... Eta azkenean, festibala belaunaldi guzieri itzulia izanen da, adin guziei lotuak diren animazioak proposatuko ditugulako (merkatu, pilota partida, eguneko kontzertuak, haurren xokoa...).
Azkenik EHZ elkartea hasi da Elektrotasuna, edo musika berriari itzulia diren gaualdiak antolatzen (bizpahiru urtean egiteko xedearekin). Horrek publiko  berriak hurbil arazten ditu eta EHZren talde dinamika urtean zehar ere bizirik atxikitzen du.

Hats berria
Nabari da, berrikuntza honek, antolatzaile eta laguntzaile munduan energia positibo bat ekartzen duela.
Ohizko laguntzaileek proiektua sustengatzen dute. Barne egunkari baten bitartez, biltzar nagusien bitartez eta EHZren web guneari esker proiektuaren aintzinamenduetaz jakinean atxikitzen ditugu.
Bestalde, egunkarien bitartez, web guneari esker, irratiei esker eta urtean zehar antolatzen ditugun elektrotasuna gaualdiei esker, EHZ festibala publiko zabalari ezagutarazten dugu.
Informazio partekatze hori ezinbestekoa iduritzen zait, festibala proiektu kolektibo bat delako eta belaunaldiz belaunaldi pasa diren lagun-tzaileei esker beti bizi delako festibala.

Publicité
Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article