Eta horrela sentitzen banaiz, zer?
|
Iñaki Arruti
Lasarte-Oria-ko herriko etxean euskara teknikaria
Uste dut Bernat Joan soziolinguista katalana izan zela esan zuena hizkuntza komunitate bat normalizatzeko ezinbesteko baldintza dela hizkuntza komunitate autozentratu bat izatea. "Autocentrament" hori honela definituz:
La capacitat d'una determinada societat d'observar-se desde la perspectiva de si mateixa, de poder identificar els seus propis interessos collectius i de prescindir de les visions, que sobre aquesta, tinguin unes altres comunitats.
“Euskara salbatuta dago, gu gara arazoa”
Ahalegin horretan, euskaltzale asko izan gara ekimen sozial ugari abiatu ditugunak, gehienak, euskararen alde. Euskararen alde, nahiz eta, Xamarrek dioen moduan, "Euskara salbatuta dago, gu gara arazoa".
Arazoa ez du hizkuntzak, guk geuk baizik (hizkuntza komunitateak eta hiztunok). Arazoaz gain, ordea, zorionez, bidea ere gu geu gara, ez da euskara.
Nik neuk, euskal hiztun eta euskaltzale modura, zuetako gehienon antzera, euskaldun jokatzen ahalegintzen naiz. Hizkuntzazko koherentzia hori bilatu nahian, ahalegin kolektibo ugari bizitu izan ditugu (euskara elkarte batean, euskaltegi batean, ikastola batean, enpresa batean, komunikabide batean...) eta gehienetan ahalegindu naiz pertsonalki ere koherente samar jokatzen (zenbat s(x)amar!!!).
Ahalegin kolektiboaz gain, ahalegin pertsonalean, egunerokoan euskaldun jokatzerakoan, ez al gara erretzetik gertu samar sentitu askotan? Denda edo administrazioren batera joan eta euskaraz ezin egin, edo egin eta aurpegi txarra jarri edo... Zenbat egoera etsigarri, ezta?
Hiztun kontziente eta eragileak ez erre
Aspaldi entzun nuen nik, euskararen normalizazioak behar duen baldintzetako bat dela "normalizatzaileak" (hiztun kontziente eta eragileak...) ez erretzea. Eta, horretarako, pertsonalki autozentratuta bizitzeko, garrantzitsua izango da, noski, egoera horiek kudeatzen jakitea, ala?
Baiezkoan nago ni, bai gure osasunerako, bai ditugun elkarrekintza linguistiko guztietan, gureaz gain, gure solaskideak duen hizkuntza-egoera ere hobetzeko, edo ez okertzeko bederen.
Izan ere, horrelako pasadizo batek izan di-tzakeen amaiera desberdinek gugan ere ondorio desberdinak izan ditzake (erantzun txar bat eman eta lasai geratzea, erantzun txarra eman eta norbera haserretzea, eran-tzun gabe eta minduta joatea, nekatzea, nekearen poderioz ezezagun guztiekin lehen hitza erdaraz egitea, norbera gutxiestea...) eta ez gaude horretarako. Iritsi behar dugu euskaraz hitz egiten dugun egoera guztietan, edozein delarik, gustura, eroso, sentitzera.
Portaera egokiena gauzatu
Beraz, ikasi egin behar dugu egoera desberdin bakoitzean portaera egokiena gauza-tzen, ahalik eta energia gutxien gastatuz (gure barruak lasai edukiz) eta ahalik eta probetxu linguistiko handiena atereaz.
Intuitiboki ahalegin horretan aritzen gara euskaltzale asko gure eguneroko jardunean. Ez dugu, ordea, beti asmatzen (gero ere ez dugu beti asmatuko), baina bada gaur egun valentziar bik, Ferran Suayk eta Gemma Sanguinések, prestatu duten tresna bat horretan laguntzen diguna: TELP tailerra (Taller d'Espai Lingüístic Personal: www.tallers.cat).
Tailer hori, guretzat berria den hizkuntzaren psikologiaren ikuspegi batetik abiatzen da eta euskaltzaleon sentimenduak eta bizipen linguistiko pertsonalak orekatzen, hobeto kudeatzen, laguntzen digulakoan nago.
Bistakoa da pertsonen arteko elkarrekintza horietan nola aritu jakiteko beharrak ez duela kentzen maila politikoagoan eta soziologikoagoan behar ditugun beste erreminten beharra. Ikusteko modukoa da baita ere, ordea, hizkuntza-politika guztietan iristen garela azkenean (eta hasieran) pertsonen arteko mailara, eta hor, denok bizi ditugula gatazka-egoerak...
Espazioak euskaraz bete
Egoera horiek asertibitate linguistikoz kudeatzen ikusiz gero (euskaraz eginez, solaskidea errespetatuz, mehatxu eta bortxarik gabe eta ongi sentituz), Jon Sarasuak dioen modura: "Nik ez dakit azkenean Euskal Herri euskalduna lortuko dugun, baina nire burutik hasita espazioak euskaraz betetzen saiatzen naiz. Edozein kasutan ere, hori delako egin dezakedana, egin nahi dudana, eta niretzat zentzua duena". Ez da gutxi.
Publicité