Bere indarren bidez Euskal Herria bizi araz!

Publié le par Alda

Mentaverry-Jean-Fran-ois-2008-1-14.jpg
par Jean-François Mentaverri


Euskal Herritarrek gure geroa nola antolatu nahi dugun ezagutzea garrantzitsua da.

Berriz euskaldundu!
Buraso euskaldunak ukan arren, AEKn berriz euskalduntzea erabaki dut.
Neretzat euskararen ikastea eta erabiltzea abertzale nortasunaren ezaugarri garrantzi-tsu bat da. Alta ttipitan eskolako erakasleak "xede hoberenarekin" erraiten zidan "Aita" hitza ez zela erabili behar… baizik eta "Papa"!
6 urtez gau eskoletan arizan ondoren erabaki dut lan munduak eskaintzen dituen formakun-tzetarako laguntzen erabiltzea 4 hilabetez Forun (Bizkaian) barnategi baten egiteko! Geroztik, euskaraz ari naiz naturaltasun haundienarekin eta ahal bezainbat! Hara nola Euskal Kulturari lotuak diren elkarte bilkuretan adibidez euskara erabiltzen dut  jendeak "euskarara lerratzeko" parada ukan dezaten ere! Konturatu naiz molde ezin hobea dela euskara bizi arazteko eta bilkuren dinamika aberasteko! Alabainan, bilkura animatzaileak itzulpen lana egiten du erdaldunek segitzeko gisan… eta euskaldun guziek euskara bizi arazteko parada on bat irabazten dugu! Azkenik gure haurrak ikastolan ditugunez haiekin ere euskaraz ari naiz!

Euskal Herria bere indarren bidez bizi araz
Hizkuntzaren arloan herritarrak luzaz beren ber antolatu direlako orain ikusten da Frantses Estatuaren gandik parte hartze sinboliko bat… Estatuak borondate politiko izpirik ez badu ere… mugimendu zerbaiten egitera behartua da.
Abertzalea naizenez argi dut hizkuntza mailan bezala beste arlo ainitzetan ere (lan munduan, tokiko garapenan, kultur arloan, etab.) Euskal Herriko biztanleek gure geroa nola antolatu nahi dugun ezagutzea garrantzitsua dela. Ez da dudarik Frantses estatuaren lehentasunak edo pasibitateak Iparraldea turista edo erretreta gune gisa antolatzen uzten duela, hemengo biztanleentzat herrian lan eta bizitzeko paradak desagertuz doazen ber... Baitezpadakoa da beraz Euskal Herritarren borondatea ezagutzea eta errespetatzea.

Langileriaren eskubideak errespeta arazi
16 urtetan sartu naiz SNCFan langile bezala. Tamalez, nireganat hurbildu ziren Bordaleko CGTko sindikalistek ez zituzten ene egoera (langile gazte eta sartu berria), ene kezkak eta ene xedeak konduan hartu…
Biltzar Nagusietan parte hartzeko abantailak, negoziaketetan ongi ateratzeko formakuntzen premia, ideia guzien konduan hartzeko gaitasuna, eztabaidetan jokamolde idekia atxikitzeko ohitura eta proposamen ezberdinen edo ezadostasunekin aterabideen atxemaiteko kultura gutti erakutsi zidaten ere. Erran behar da gaizki erori nintzela holako militante horiekin, ez aldiz berantago ezagutuko ditudan CGTko militanteekin!
Beste sindikatu batekin arizan ondoan hamar bat urteren buruan CGTn sartzeko erabakia hartu dut langileen eskubideen defentsarako molde egokiena iduritzen bait zait gaur egun. 

Langileen eta herritarren eskubidak uztartu eta defendatu!
2003an Euskara Taldea sortu dugu CGTren barnean. Sindikatuaren erdiak euskarari hurbiletik edo urrundik lotuak diren gaietaz axolarik ez duenez... iraultza hasiera bat izan da! Gure xedeetan, besteak beste, ondoko gaiak baditugu: Euskara erabiltzea manifestaldietako esku paperetan, LAB integratzea manifestaldi bateratuetan, etab.
2005etik geroz lortu dugu Maiatzaren leheneko trakta elebidunaren ateratzea... Gainera poliki poliki konturatzen gira komunikabideetan euskararen erabilpenaren alde baikorrak sindikatuko gero eta gehiago arduradunek konduan hartzen dituela.
Uste dut, CGTren barnean langileen defentsan arizaiteak eta horrekin batera euskalduna eta abertzalea bezala agertzeak... sindikatuetan abertzaleen gan den irudi ezezkor edo zaharkituen aldatzen laguntzen duela!

Antolatuz eta batuz, indarrak bidertu!
Lanaren munduan enpresen etekinak ikusiz nola goiti doazen... eta ber denboran langileen bizi maila nola apalduz doan... langile guziak antolatu behar gira gure artean gure kezken eztabaidatzeko eta elgarrekin nagusiei gure aldarrikapenen entzunarazteko. Talde lan horrek (beharrez sindikatu arteko europa eta mundu mailako elkarlana sustatuz) emanen digu gure defentsarako behar den indarra. 

Publicité
Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article