"Maita nazazu guttiago, goza nazazu gehiago"
Aitor Sarasua, Seaskako Euskaraz Bizi egitasmoaren arduraduna
Aspaldikoa da erranaldi hori, izenburukoa, Xabier Amurizarena uste dut. Kantu bat ere bada errepika horrekin. Eni gero eta borobilagoa iruditzen zait, Herri honetan euskara "salbatu" eta "defendatu" nahi dugunei kantatzeko. Beharbada alferrik luzatuko naiz errepika horrek nigan sortarazten dituen ideiak azaltzen; bakoitzak entzun ditzala sortzen dizkion oihartzunak, arrazoiak eta kontraesanak, eta gogoeta horrek iraunen dio, bertze norbaiten idatziak baino luzaroago.
Beraz irakurle, nahi baduzu irakurrazu berriz izenburua eta utzi gainerateko predikua.
Eni, buruan darabiltzadan hainbat ideia eta han eta hemen entzuten eta irakurtzen ditudanak poetikoki laburtzen dituela iruditzen zait. Eta gustatzen zait gainera, "moralaren" aurkako mezu bat ematen duelako lehen irakurketa batean. Eta nago, ez ote dugun aski euskararen aldeko "katixima" modernoaz, ez ote gauden aseak zer ez dugun behar bezala egiten irakurtzeaz.
Euskaraz mintzatzea aukera bat
Euskara ez da betebehar bat. Euskaraz mintzatzea aukera bat da. Badakigunek nahi badugu, gogoak ematen badigu, baliatuko dugun aukera bat, eta nahi ez badugu ez. Sobera baliatu dugu euskaldunek bestelako diskurtsoa: euskaraz mintzatu gabe ez dela euskaldun izaten ahal. Baina ez dugu jende handirik konbentzitu, gure buruaz harro egon gara, baina berririk ia ez zaigu hurbildu eta gazte gehienek bizkar eman digute. Ez da hori jendea erakarriko duen arrazoibidea. Beste hau baizik: mintza zaitez euskaraz, ikusiko duzu, plazer bat da, gustora sentituko zara.
Plazer bat da euskaldun izatea
Plazer bat da euskaraz ari zarela sentitzea, euskaraz jostatzea, duela milaka urte mintzatzen zuten hizkuntza bera baliatzea, hemendik hamarka urtera ere mintza dadin proiektu eta amets baten partaide zarela sentitzea, kulturen multinazionalek ez zaituztela irentsi frogatzea, nahi duzunean baliatzeko libre zarela aitortzea, altxor baten transmisioan kate-begi bat zarelako harro egotea, jendarte baten integratzeko ahalegina egin ondoan erdararen inposatzaile bat ez zarela pentsatzea. Plazer bat da euskaradun izatea. Xantza bat.
Euskarak ez gaitu euskaldun bilakatzen bakarrik, euskarak "gu" bilakatzen gaitu. Gutako bakoitza euskararekin edo euskararik gabe ez gara berdinak. Gure Herria euskararekin edo gabe ezberdina den bezala. Euskararik gabe ere izaten segituko dugu, bai, herri honek ere bai, baina ez Herri honek, eta gutako bakoitzak ere ez orain arteko nortasun berarekin. Baina dramatizaziorik gabe, euskaraz mintzatzearen plazerra ukatzea ere aukera bat da. Aske gara.
Guhaurek nahi dugu euskara bizitzeko?
Eta ez da egia osoa agintariek euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen digutela. Oztopatzen digute bai, zailtzen, trabatzen, baina guk diogu gure buruari plazer hori ukatzen. Erakundeengandik gure hizkuntzarekiko begirunea galdegin behar dugu, lehenik aitortza eta gero laguntza, ofizialtasuna eta egiazko hizkuntza politika erraiten duguna. Baina izan gaitezen zintzoak gure buruekin: guhaurek nahi dugu euskara bizitzeko? Gure lagunarterako, jostetarako? Eta lanerako (gure lantegietan, bakoitzaren lantokietan)? Eta herrigintzarako (ikastolak, partidu politikoak, sindikatuak...)?
Egiazki nahi badugu, baliatuko dugu.
Guk nahi badugu, euskara biziko da. Egiazki nahi badugu, baliatuko dugu, eta lortuko dugu legezko aitorpena. Gure nahia euskara aldarrikapen politikoetarako estakuru bat izatera mugatzen bada, edo gure haurrentzat bakarrik nahi dugun gutizi erromantiko bat bakarrik baldin bada, edo modernismo exotiko ikur bat baizik ez bada, alperrik eskuratuko dugu legezko aitorpena.
Erruduntasun sentimenturik sortu gabe
Ez dugu gaztetxo eta gazteengan erruduntasun sentimenturik sortarazi behar. Eta burasoengan ere ez. "Guk mintzatzen ez badugu, nork eginen du?", "Euskaraz eta kito!" "Euskal Herrian euskaraz!" "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik". Eta beste hainbat. Egia handiak dira horiek, baina jendea irabazteko baino, min-tzeko eta haizatzeko balio dute usuegi eta nolanahika baliatzen badira..
Mezu erasokorrak, ezezkorrak dira, inposaketa kutsua dute, hautu bat dena bete-behar gisa aurkezten bada, hizkuntzaren plazerra behar lukeena "jatortasunaren" ikur gisa sentiarazten bada.
Euskara plazer bat bezala, dugun xantza bat bezala bizi behar dugu, eta horrela erakutsi besteei. Baina horrek ez du erran nahi egia gorde behar dugunik: euskaraz bizi nahi dugu eta eskubidea dugu, euskaraz ez dakienak gure artean integratzeko indar bat egin behar du eta euskaraz ikasi, behin eta berriz inposatzen dena hemen frantsesa da, euskarazko komunikabideak nahi ditugu eta euskara gehiago behar dugu komunikabide abertzaleetan...
Eta euskarari, zer funtzio ematen dio gutako bakoitzak? Eta gure jendarteak?
Txepetxek dioen bezala, hizkuntza batek iraun ahal izaiteko funtzio batzuk bete behar ditu, zenbat eta funtzio gehiago, orduan eta osagarri hobea. Eta euskarari, zer funtzio ematen dio gutako bakoitzak? Eta gure jendarteak? Funtziorik oinarrizkoena, intimoena, bakoitzaren eskutan bakarrik dena, euskaraz pentsatzekoa, amets egitekoa, gozatzekoa, ukatzen badiogu gure buruari, gaineratiko funtzioak, instituzioen eskutan direnak, galdegiteak ez du zentzurik.
Euskara salbatua dago, ez izan horren kezkarik- erraiten zuen Xamarrek Saran, ironia pixka batekin. Liburuetan idatzia, gramatiketan bildua, hiztegietan gordea, telebistan erregistratua, ordenagailuetan grabatua da hitzen kodea. Hori ez da galduko. Euskara hitzen elkarketa eredu bezala ez da galduko, salbatua da. Gal-tzekotan dena "gu" gara, euskarak ematen digun berezitasunarekin izaiten jarraitzea dago arriskuan. Hizkuntzak komunikazio kode bat baino gehiago ematen digulako, nortasun bat, izaera bat, mundua interpretatzeko ikuspegi bat, bizitzaren zentzu bat. Ez besteak baino hobea, ez txarragoa. Ezberdina, gurea.