Eguneroko problematika ezkerretik landu!
Xabi Larralde
Abertzaletasunaren oinarriei eta helburuei tinkotasunez eutsi:
Alderdi abertzaleen lanek beste edozoin alderdi politikoen egin beharrekin behar dute hasi:
-Gizartean bere jarduera xertatu… abertzaleen ideietan tinkotasunez helduz.
-Egunerokotasunari esker heldu jenden ideien aldaketa batetara. Tokiko lana sustatuz, bereziki kostaldean, Euskal Herriari loturik den makropolitikan galdu gabe.
Eguneroko lanean jende esparru zabal bat hunkitzen ahalko da ondorengo jokamoldeekin: abertzaleak gero eta gehiago auzoko ekintzetan inplikatuz eta parte hartze hori uztartuz Euskal Herriko makropolitikarekin. Jokamolde horren bidez, nazio eraikuntza abertzaleak ez diren jendeen kezken eremura ekarri behar da.
Momentokotz, abertzaleen ideiek ez dute gehiengoa. Eta eskertiarrenek ere ez! Desfase hori behar da ttipitu gizartea aldatuz eta ez abertzaleen helburuak aldatuz. Aitortu behar da hala ere proiektu abertzalea (nortasunari eta kulturari lotua baita) eta eskerrekoa delako UMPko programa baino zailtasun gehiagorekin onartua dela iparraldeko jendartean.
Horregatik, gizarte hortan gure jarduera xertatzeko ibilbide baten jarraitzea baitezpadakoa da. Ibilbide hortan, hauteskundeak , tresna batzu dira, jendartearen egoera eta posizioaren ispiluak direnak.
Ez da ahantzi behar, Iparraldea misio lurra batekin parekatzen ahal dela. Nahiz eta barnekaldeak geroari buruz nortasunaren inguruan kezka guttiago izan, kostaldean errezeptibitatea ttipiagoa da eta abertzaleen ideien xertatzeak denbora gehiago emanen du.
Salbuespen egoeraren trabak gainditu:
Frantses edo español alderdietan ez bezala, alderdi abertzaleek herri baten biziraupena segurtatzeko sekulako indar-ra eman behar dute. Denboraren lasterkaldia alderdi abertzaleen kontra doa:
-Iparraldean euskal kulturak bizirik iraun dezan 25-30 urte barne Euskal Herriaren masa kritiko kulturala behar da atxiki.
-Gatazkaren ondorioz eskubideen defentsan arizatean giro gogor bat sortzen du gehiengoaren adesioa zailtzen duena.
Oro har, helburu elektoralekin ez dira errex ezkontzen aintzineko datuak.
Franstes eta Espainol estatuek beren legedi proprioak ez dituzte errespeta-tzen. Adibide bezala presoen hurbilketa eta Laborantza Ganbararen kasua hor ditugu. Horrek salbuespen egoera bat sortzen du eta borrokaren esparruan aritzea eramaten gaitu.
Dudarik gabe, abertzaleen helburuak defendiatzea eta oinarrizko eskubideen babestea, Iparraldeko biztanleen interesen bermatzea dela argi eta garbi utzi behar da. Hori eginez emaitza hobeagoak lortzen ahalko dira hauteskundeetan.
Abertzaleak bezalako mugimenduei, frantses hauteskunde sistemak sinesgarritasuna lortzea zailtzen du.
Estatu frantsesean herriko hauteskundeetan sistema ez demokratikoa da. Alderdi ttipiak erabat baztertzen ditu eta alderdi nagusiei gehiengo erraldoia segurtatzen die. Sistema hori ez denez proportzionala, abertzaleak bezalako mugimendu ttipien eraginkortasuna ttipitzen du.
Egoera hori konduan hartuz, ondorengo galdera egiten ahal da: Sinesgarritasuna ordezkarien bidez lortzen da bakarrik?
Jakinez, ordezkaritza instituzionalik edo deputaturik ez duen eskuin muturreko indar politiko bat Frantses Estatuko presidentzialetako hauteskundeetan bigarren itzulian agertu dela duela 4 urte… sinesgarritasunak beste iturri batzu dituela argi eta garbi da!
Hala ere, gaur egun, abertzaleen estrategia, frantses estatuko bozken sistemak edo joko arauek baldintzatzen dute. Lehen itzulian behar dira aliantzak egin (alderdi ttipi eta haundien artean) proiektuek sinesgarritasuna ukaiteko.
Azken finean, sinesgarritasuna lortzeko behar diren %15-20-25 horiek, aproximazio edo intuizio horiek, lotuak dira gaur egun frantses estatuan den sistema elektoralari. Zinez demokratikoa balitz sistema, gaur egun abertzaleek dituzten %10 edo %15arekin erabaki batzuren mugatzeko edo gehiengoen edo negoziaketa serioen egiteko gaitasuna ukanen zuten. Horiek hola, argi da aber-tzale munduan aliantzei buruzko gogoetak ia denak sistema demokratikoaren akatsen gatik etor-tzen direla.
Ez da dudarik, sistema propor-tzionalak Abertzaleen proiektuari orain duena baino sinesgarritasun haundiagoa emanana ukanen zuela, duela aspaldi!
Demografiaren aldaketen menperatzeko lehentasuna BABko jendartean ezarri behar da!
Hasteko azpimarratu behar da, BABtik kanpo, kostaldean, tokiko jendeek oraino masa kritiko bat osatzen dutela. Aski da horrren irudiztatzeko Azkaineko herriko etxeko azken hauteskundeen ikertzea. Nahiz eta abertzaleek %15tik behiti izan hautetsi guziek (abertzale izanik edo ez) Bateraren xedeekin bat egiten dute: euskararen ofizialtasunari, departamenduaren aldarrikapenari, etab. dagokionez...
BABn aldiz, ia iparraldeko jende-tzaren erdia kokatzen da. Parte haundi bat Euskal Herritik kanpo sortua da ere. Egunorokotasunan behar dira kanpotiarrak Abertzaleekin trukaketetan arizan. Ezker-reko eta progresista ikuspegitik bai eta ere gai sozialen lantzeaz jende horrekin harremanetan sartzen lortu behar da. Jendetza haundiko auzoetan (ZUP, Polo, etab.) elkarte lanetan sartuz, etorkinen haurrak ikastoletan sartzeko egin ahalak eginez, etab.
BABn abertzaleak ez direnen gana behar da aurkeztu abertzale mundua.
Horrren egiteko, eredu ekonomiko batzu erabiltzen ahal dira. Sare sozialaren garrantzia konduan hartu behar da ideia bat nola zabaltzen den jakiteko. Ideia batek sare sozial osatua ukaiten badu, indartzeko oportunitate gehiago badu… Argi eta garbi uzten du hori "Rendement Croissant d'Adoption" ereduak: asmakuntza tekniko bat geroz eta gehiago erabilia da ez bakarrik eraginkortasun teknikoari esker, baizik eta erabiltzaileen sarearen gatik.
Gaur egun eredu hori abertzaleen kontra doa. Iparraldean diren alderdi frantsesen proiektua hobeagoa ala txarragoa izan bozka emaileen hautuak heien gana doaz eta normaltasuna emaiten diete.
Ezkerretik egunereko problematika landuz, Cimade, Bidezko Merkataritza, etab. bezalako proiektuak sustengatuz Abertzale bozkatzeak naturaltasunaren eta normaltasunaren bidea hartuko du.