Txina: eskala eta ikuspegia

Publié le par Alda







Mikel Aramendi, Nazioarteko arazoen aztertzailea


Badira munduko edozein herrialderi buruz aritzeko onuragarriak ez ezik beharrezkoak diren oinarrizko giltzak (bertako kultura edota historia pittin bat bederen ezagutzea adibidez).
Baina Txinari buruzko mintzatzerakoan ezinbestekoak bezain bereziak dira bi zedarri, lehen urratsetik bide okerretik ez abiatzeko. Eskalaren gakoa eta ikuspegiaren gakoa deitu ohi diet nik neure artean, hobeagorik ezean.


Eskalaren gakoa
Eskalaren gakoa, noski, Txinaren tamaina fisiko zein humanoaren kumea da. Teorian, denok ezbairik gabe onartzen dugun abiapuntua da "herrialde-kontinente bat", edota "gizateriaren bosten bat" dela ezbairik gabe aintzakotzat hartzen dugunean. Edo "munduko naziorik handiena osatzen dutela, luzaz, Txinako han etniakoek" jabetzen garenean.
Handitasun horren ondorio zuzenenetako beste batzuk (geo-ekonomikoak, batez ere), ordea, ez zaizkigu horren gardenak egiten, geure ohiko eskala eta neurriei zero bat edo bi gehitutakoan erreferentziak lausotu egiten zaizkigulako beharbada.
Agian, horregatik, zifra zehatz bezain hausnargaitzetan murgiltzea baino argigarriagoa gertatzen zaigu ideia soil eta zorrotzak aburutzat hartzea... nahiz eta haien edukia batzuetan aski okerra izan:
"Txinatar guztiek komuneko papera erabiliko balute, ez legoke munduan nahiko zuhaitz", edota "egungo txinatarrek otorduetan behin erabili eta botatzeko zotzak nahiago izatea da munduko deforestazioaren zio nagusietako bat" esaten denean, adibidez.
Beste batzuetan, haatik, nahiko zuzenak dira horrelako irizpideak:
"Ez Txinak ez munduak ezingo luke jasan egungo gizarte mendebaldarrak duen ibilgailu pribatu proportzioaren parekorik Txinan eta Indian" esaten denean, demagun.
Txinaren hazkunde ekonomiko bizkorrak (duela hogei urte baino hamabi aldiz handiagoa dela egun bere Barne Produktu Gordina gogora genezake, erreferentzia modura) sortu dituen ondorio ekologiko ikusgarrien nondik-norakoa zentzuz kausitzeko nahitaezkoa da, edonola ere, eskala arazo hori argi edukitzea. Kualitatiboki, funtsean, kalte ekologiko horiek ez lirateke Europa eta Iparramerikaren industrializazio prozesuek eragindakoen aldean oso ezberdinak; baina oso denbora laburrean gauzatu izanak, eta kuantitatiboki gizateriaren horren zati handiari zuzenki ukitzeak larritasun berezia ezartzen die ondorio horiei.

Arazo lokala
Batzuetan, airearen eta uraren kutsadura kimikoaren kasuan adibidez, arazoa lokala dela esan genezake, bertako gizaki eta izakien osasuna eta ongizatea delako zuzen eta nagusiki kaltetua, haien eragin globala ere mespretxagarria ez den arren. Iazko Joko Olinpikoen abagunea medio, mundu mailan ezaguna egin zen Beijing eta ingurumarietako airearen kutsaduraren arazo larria, herrialdeko zonalde industrial guztietan ohikoa bestalde, ederki kostata (elektrizitate ekoizpena murriztu eta eskualde zabaletan indar etenak ezarriz, besteak beste) agintariek zertxobait samurtu zutena... Jokoen ikuskizunak iraun zuten denboraldirako. Gero, ia dena lehengora itzuli da. Urtero 1.750.000 txinatarren heriotza aurrerarazten duela airearen kutsadurak, diote ikerketa ofizialek.

Txinatik kanpora
Askoz ezezagunagoa da, Txinatik kanpora, uraren kutsaduraren arazo latza, batez ere Yangtzi ibarrean, hau da, munduko ibai-arrorik populatuenean (Europa osoan baino gizaki gehiago bizi baita Yangtziren erdi eta behe haranetan). Egitura geografikoz, ibai-arroetako herrialdea da Txina, itsas-kostaldeetako herrialdea baino askoz gehiago, azken bi mende hauetako bilakaera (eta, batik bat, azken hamarkada hauetakoa) bigarren horretarantz bideratzen bada ere. Eta ezinbesteko ondorioak erakartzen ditu horrek ur hornidurari, nekazaritzari, hondakin industrial nahiz urbanoei eta abarrei dagokienean... Itsasoratu baino ehunka edo milaka kilometro lehenago Luzhou, Chongqing, Wuhan edo Nanjing bezalako megapolien eragina pairatu behar duen ibaiak nahiko lan luke munduko lekurik txukun eta aurreratuenean ere; baina egungo Txinan arazoak jite beldurgarria du: 700 milioi txinatarrek edaten duten urak ez dituela gutxieneko baldintzak betetzen, eta lurpeko uren %90 kutsatuta dagoela diote ikerketek.
Prozesu berberaren ondorio paraleloa, baina globala kasu honetan, litzateke negutegi gasen emisioen ugaltzea. Ondorengo taulak zehazten du mende honen hastapenetako dinamika, ondorengo bost urte hauetan areagotu egin dena (2007az geroztik, munduko CO2 isurle handiena litzateke Txina, AEBen aurretik).
Emisio guztien hazkunde bizkorraz gaindi, taulak argi adierazten du egungo Txinaren energia-iturrien berezitasuna: ikatzaren nagusitasun ikusgarria. Gero eta premia larriagoaz behar duen elektrizitatearen bi heren baino gehiago ateratzen ditu Txinak nahiko ugari eta eskura duen ikatza erretzen duten zentral termikoetatik; eta berauen eragina oso handia da CO2 emisioen kopuruetan. Txina ez dago prest, ordea, inondik ere bere garapenerako (bere garaian beste batzuentzat izan zen moduan) erabakigarria den ikatzari muzin egiteko, eta produkzioa bikoiztu egin du XXI. mendeko lehen bost urteetan, 2,5 milioi meatzariri bizimodua eman eta urtero istripuetan mila baino gehiago hilarazten dituen langintzare bitartez. Ikatza erabili ezean, independentzia edota garapena galdu beharko luke.

Ikuspegiaren gakoa
Ikuspegiaren gakoa deitzen dudanera nakar honek. XIX-XX. mendeetan Mendebaldeko garapen industriala kudeatu zuen eliteak ez bezala, egungo Txinan aginpidea eta erabakimena duen elite burokratiko-ideologikoak badu kontzientzia ekologiko bat (haren oinarri diren argibide zientifikoak ezagutzen dituelako); baina ez du inondik ere hautu globalik egingo. Ez behintzat bere nazio-interestzat jotzen duenaren gainetik. Eta, bide batez, arazo lokal larriak (airearen eta uraren kutsadura, e.a.) konponbideratzeko jarrera aktiboa hartzen ari bada ere, ezin da antzekorik itxaron negutegi gasen isurketaren arazo globalaren aurrean, adibidez.
Eta Txina den adinakoa izanik, derrigortu dezakegula pentsatzea ameskeria da.

Publicité

Publié dans Orotarik

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article