ELA, Langile ekin!

Iparraldea
Emaitzek berretsi duten estrategia
Emaitzek berretsi duten estrategia
Azaroaren 26 eta 27an Bilbon, iragananen den ELA sindikatuaren XII. kongresuaren karietara, argitaratzen ditugu hemen 750 kongresu kideen botzei aurkeztua izanen den ponentzia edo orientazio txostenaren pasarte batzu. Pasarte hauek Iparraldeari buruzkoak dira. Orientazio txostena osotasunean eskuragarri da Manu Robleas-Arangiz Fundazioan edo ELA sindikatuaren web gunean (www.ela-sindikatua.org)
4. 51.1998tik hona joan diren hamar urteotan, Iparraldeko gizartearen fisonomia nabarmen aldatu duten emaitzak ekarri ditu hango abertzaleen estrategiak. Euskal Herrirako departamendu bat eskatzea zen estrategia horren helburu nagusia. Kontua zen erakunde propio baten alde jartzea herritarrak, modu pedagogiko eta ulerterrazean, eta, aldi berean, beste zenbait eskakizun bultzatzea (euskararen ofizialkidetasuna eta gure hizkuntza gara-tzeko baliabideak, nekazaritza-ganbera sortzea…). Herritarren atxikimendua eta onespena jaso ditu bide horrek: kudeaketa plurala izan du, korronte politiko eta sindikal guztiei utzi baitie helburu erkidearen alde egiten; ekintzak, berriz, demokratikoak eta ez-biolentoak izan dira beti, nahiz eta Estatu frantsesak etengabe erakutsi probokazio- eta mespretxu-jarrera.
4. 52.Genioenez, emaitzak ekarri ditu estrategia horrek. Adibidez, estatuak -gai instituzionaletan inoiz ez ezer lagatzeko prest- euskararen alorrean amore eman du, apur bat bederen (hitzarmen espezifikoa, euskal hizkuntzaren bulego publikoa…). Era berean, Iparraldeko gizartearen eta hautetsien harremana Frantziako boterearekiko aldatu egin da, eta legitimotasunak ere bai. Horrek guztiak jarrera-aldaketa nabarmenak eragin ditu herritarrengan eta taldeetan. Horren adibide dugu Laborantza Ganbara dela-eta herritarrek eta udal-ordezkariek Estatu frantsesari eta haren ordezkariei emandako erantzuna.
4. 53. Laborantza Ganberaren sorrera dugu estrategia horren emaitza nagusietakoa, eta balio izan du herritarrak ohartzeko -zehazki eta eguneroko jardunean- bertako erakundeak edukitzearen abantailez. Esan dezagun Ipar eta Hego Euskal Herriko eragile bizienen laguntza izan duela Ganberak; besteak beste, ELArena.
4. 54. Aro honetako beste lorpen aipagarri bat da uste honen hedatzea: erakundeen egituraketaz iritzia emateko eskubidea baduela gizarteak. Aldarrikapen horri buruzko kontsulta-eskaria ofizialki sinatua dute 30.000 lagun baino gehiagok -erroldaren %16-, Batera plataformak deituta. Iparralden ez da inoiz egin horren eskari jendetsurik, eta argi erakusten du gizarteratze-lan horren garrantzia.
4. 55. Alor politikoan, nabarmen hazi dira abertzaleen emaitzak hiru herrialdeetan, nahiz eta indar politiko gehienek jarrera irekiagoa hartua duten, eta orain arte mugimendu abertzaleak bakarrik egiten zituen eskaerak bereganatzean hasiak diren.
Publicité