Euskaldun... edo baikor?

Publié le par Alda

Aitor-Renteria---Txato1---21-2-2008.jpg
Aitor Renteria “Txato”

Euskaraz bizitzearen plazerrak ez dit lausotzen ingura-tzen gaituen mundu frantsesaren ahalmen itogarria.

Bertsotan bezala, aldizkari honetan ere gaia jarri didate. Baikortasunaren hegatsetik lerratu eta euskaraz mintzatzearen plazerra azpimarra dezadan. Bego. Euskaraz mintzo eta bizi denak, gaiari buruz idazteko arazo bat zuela pentsatu nuen, eskizofrenia makala. Baina burmuina hausnarrian ezarri dut, ehogailu bihurtuz.
Euskaraz bizi naiz etxean, euskaraz egiten dut lan eta mendebaldeko kulturan hezia naizenez, euskaraz egiten ditut parrandak. Gogokoa dut kantua, bereziki, lagun arteko giroan, ziria bertso bilakatzen delarik eta bertsoa solas. Anitzetan pentsatu dut holako egoerak euskara sexu jolasen maindirez atontzen duela. Urteekin ikasi nuen sexuari dagozkion hitzak eskas direla euskaraz. Adierazi nahi duguna mihian dantzatu ahal izateko, itzuli-mitzuliak egin behar ditugu hizkuntzarekin. Gurean ez dugun hori, funtsean, komunikatzeko eta bizitzeko behar dugulako.

Izena duena bada
Izena duena bada, edo horrelako zerbait dio erran zaharrak. Beraz, bada eta ez badugu, norbaitek ebatsi digu. Nikoren kantuaren perspektiban, mugaren alde batean, eskuin mutur frankistaren aldeko bozka eskatzen duen elizak baduke zer ikusirik hitzen ezabaketan. Zoriontsuak gu mozketa ez delarik fisikoa izan. Mugaren bertze aldetik, eliza zuriak babesa eskaini dio euskarari. Egia erran, oilarraren gillotina zorrotzak  gorri bihurtu zuen Errepublika, odolaren eraginez bederen. Funtsean euskara garbia izan behar, alafede, hitza kendu ondoren, plazerraren mekanika ez moztekotan.

Estatistikak eta euskaraz bizitzearen plazerra
Elizan bezala bizi gara euskaldunak Ipar Euskal Herriko gizartean. Ez dagoen baina inoiz baino gehiago existitzen den muga horretaz haraindiko egoeraz ez naiz mintzatuko, ez dakidalako estatistika hotzetan non gelditzen den euskaraz bizitzearen plazerra.
Bakea da nagusi eliza barnean, mirakuluz munduan arazorik ez balego bezala. Jainkoarengan sinesten ez dudan arren, eliztiarrek bai eta pozik dira haien artean. Gu euskaldunak, ere bai. Nazioa baino sekta ote garen pentsatzen hasia nago.

Harpeko mitoa

Harpeko mitoa aipatzen zuen Platonek. Harpean bizi gara eta bizi dugun hori, errealitatea dela pentsatu arren, ez da kanpoko argiaren itzala baizik. Zoriontsu gaude harpean, pentsatu gabe mundu bat dagoela inguruan, euskara arrotza duena.

Euskara legez ukatua
Euskararen Erakunde Publikoak ere badu doi bat edana iturri horretatik. Frantsesez bulegoa dena euskaraz erakundea bihurtu dute itzulpenean. Frantsesak beti izan dira euskaldunak baino errealistagoak, errepublika izanagatik. Euskara legez ukatua, herritarren presioz laguntzera behartua, EEPk eperik, neurgailurik eta helbururik gabeko hizkuntza politika ezarri du plantan, ezagutza ofizialik ez duen hizkuntzaren berreskurapena, borondate xumean oinarritu daitekeelakoan.

Besteen afera da euskara
Max Brisson jauna ezarri du Presidente, euskararen aurka egotetik, itzulipurdia egin eta euskalzale suhutsua bihurtua. Euskara gainbehera doa baina hura esperantzaz jantzia. Adierazgarria da Brissonek euskara ez jakitea, eta arrunta Brisson ez ahalgetzea euskara ikasi behar duela erraten diolarik Kontseiluak. Besteen afera da euskara EEPko buruarentzat, harpeko biztanleena.
Euskal hiztunen mundua getoarekin edo eroe-txearekin ere erka daiteke. Barnean, nahi duguna izateko askatasuna dugu, hura Napoleon, bertzea Kleopatra eta hirugarrena Matalas, pozik eta libre adierazpenetan. Alta, burutik jota ez daudenak, ez dira eroetxean bizi, kanpoan baizik, eta fran-tsesez. Aitor dezadan eroa egoteaz gain erretzailea naizela, amorratua. Euskaldun getozaleak biltzen diren batzoki horietan erretzea debekatu digu Frantziak, eta eroetxeko balkoira baztertzen nau, gehiago murriztuz euskaraz hitzegiteko aukera.

Mundu frantsesaren ahalmen itogarria
Alta, euskaldunok aspalditik ikasi dugu mundu zabalean ibiltzen. Ameriketan ere ba omen gaude. Frantzia eta Espainiako espetxeetan ere gero eta gehiago entzuten da euskaraz, non ez den Euskal Herriko zortzigarren probintzia eta euskal hiztun berrien mintegia. Harpea, eroetxea edo espetxea, funtsean ez dut adibide ona asmatu. Gai jartzeailaren agindua ez dut bete, baina mina ematen dit mihiari koska egiten badiot. Euskaraz bizitzearen plazerrak ez baidit lausotzen inguratzen gaituen mundu frantsesaren ahalmen itogarria.
Publicité

Publié dans Euskaraz bizi!

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article