Haratagoko urratsa

Publié le par Alda


Alda-39---XamarOna.jpeg

Juan Carlos Etxegoien "Xamar"


militante
iz. eta izond. 1. Helburu jakin batzuk dituen talde bateko (alderdi politiko, sindikatu, herri-mugimendu) kidea, haren erakuntzan guztiz integratua eta taldearen lanetan aktiboki parte hartzen duena. 2. Zerbaiten alde ari dena edo helburu bat lortzearren ekintzak egiten dituena. Euskararen militanteak.
Bitxi zait ikustea entziklopediak ematen duen militante hitzaren erranahia, arront. Bigarren adiera argitu nahiz, gainera, Euskararenak ditu aipatzen. Baina, eskas atzematen dut, ene ustetan eta esperientzian, eleak dagoeneko barneraturik duen bertze erranahia. Hola behar luke:
"2. Zerbaiten alde ari dena edo helburu bat lortzearren ekintzak egiten dituena, gogoz kontra bada ere. Euskararen militanteak."
Bizitutakoak erakutsirik diot, zeren… nork ez du egin edota erran zerbaiten egitera zihoala militantzia hutsagatik, erran nahi baita gogorik gabe?:
 -Zer? Heldu zira ekitaldira (hitzaldira, kantaldira, manifara, bilerara, zerbaiten aldeko/kontrako festara…)?
-Beharko… gu ez bagoazi, ez da nehor izanen edo guti bat…
Baina, nago, eleak berak baduela hoben puxka, gramera ez baita inuxent, azken finean militante militar hitzatik heldu baita:

militar

1. izond. Armadakoa edo hari dagokiona. Agintari militarrak. 2. iz. Armadako kidea. Militarrek epaitu zuten.
Nornahik badaki ez dagoela gogoz kontrakorik deus agintari militar baten pean egotea baino, pertsonaren arrazoimena ezeztatu eta ukatu egiten baita, sentimena bezala. Askatasunaren kontrako eredua.
Beraz, zertan ari gira? Gure burua sakrifikatzen guzien gainetik dagoen Herri Sakratuaren alde ala gure behar eta nahi pertsonala dira? Nor bagira, gu bagira, ez dagoke dudarik, ez eta hauturik ere; ber-tzenaz -Aitor Sarasuak hemen bertan erran bezala- ez gira gu, bertze zerbait baizik.
Ondorioak ere desberdinak direlakoan nago. Egiten dugunak du inguruan eragina, alde ala kontra, ttikia ala handia; eta ez da gauza bera zerbaiten egitea gogoz kontra ala gogotik, sentimenduz, beharretik eta nahietik abiaturik.
Urte luzez dut haurrekin lan egin eta, behin batean, matematika liburuko ariketa-joku batzuk ez ziren preziski ene gogokoenak. Zailxkoak atzematen nituen, baina -zin dagit- haurrei ondoko gelako irakasleak haren ikasleei bezain ongi eta zehatz azaldu nizkien. Ariketak noizbehinka errepikatzen baitziren, ene ikasleen kexuak, gisa berean, berritzen ziren, ez baitzuten haien egitea batere maite. Ene harridura gaitza izan zen jakin nuelarik ondoko irakaslearen haurrak, laket ez ezik, eskean ibiltzen zitzaizkiola ariketa-joku (ergel) haiek gehiago eta usuago egin nahiz… dibertitzen omen ziren. Irakasle harek, bistan da, arras gogokoak zituen delako ariketak.
Ekintza ber-bera zen, berdintsuki bururaturik, baina emaitzak guziz kontrakoak… nere militantzia lan profesionalak ez zuen deus balio izan; berriz, lankidearen gogo onak zuen arrakasta bildu.
Nago dena ote den berdina; jende jarduera orok du, egilearen borondatea ez ezik, haren sentimendua gibelean eta honek du konta, hauxe baita transmititzen eta zabaltzen dena inguruan, ohartu ala ez, nahi ala ez. Fruituak desberdinak izanen dira beti.
Bere burua Euskararen militantetzat duena, otoi, ez dadila gaitzitu enekin lerro hauek irakurtzerakoan, ados bainaiz osoki helburuetan, bistan da. Baina nik ezin hartu dut nere burua halakotzat, nor bere buruaren militante izatea konprenitzen ez dudan zerbait delakoz, alde batetik, eta bertzetik, balioko badu, gogo onez, nahikariz, plazerrez aritu behar delakoz… militar den guzia gozamenaren arront kontrakoa delarik.
Publicité

Publié dans Euskaraz bizi!

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article