Euskal kultura eta nortasuna

Publié le par Alda

Alda-21---Xabier-Itzaina-Spirit.JPG


Xabier Itzaina, CNRS-ean ikertzaile


Alda!-k galdeginik, ene aldi beraz "Euskal nortasuna eta kultura XXI. Mendearen hasieran" (Baxok et al., 2006) aipatzea. Larraitz Mendizabal lankideak lan horren erakaspen nagusiak ederki bildu ditu 2006eko azaroaren 16-eko Alda!-n. Ene aldetik, hiru gogoeta metodologiko bertzerik ez ditut gehituko.
Lehenik, Larraitz-ek orroitarazten duen bezala, inkesta hortan 3822 pertsona galdezkatuak izan dira (gehi eztabaida talde, elkarrizketa sakon, bizi-ixtorio eta Internet-eko edukiaren azterketa). Inkesta kuantitatibo batentzat, lagin hori fidagarria da. Jakin behar da Frantzia mailan egiten dituzten sondaia ainitz 1000-1500 jendekilako laginarekin eginak direla. 

Kuantitatiboa kualitatiboarekin barnatu

Bigarrenik, lagin horren neurria ikusita, egia da inkesta horren ekarpen nagusia bere alderdi kuantitatiboan atxemaiten dugula. Eta egia da ere metodo kuantitatiboak ez direla behar bada metodo egokienak nortasun kolektibo eta kulturen arteko harremanen untsa sesitzeko. 
Kritika klasiko bat egina zaio, adibidez, hemen berriz ere baliatu dugun Moreno scale deitu galde xortari : "zure burua frantsesago / espainolago / eskualdunago senditzen ote duzu? espainola/frantsesa eskualduna baino gehiago? Alderantziz? eta abar." Metodo hori aspalditik baliatua izan da munduko lau zokoetan sendimendu nazionalen neurtzeko, eta aspaldian kritikatua izana baita ere. Bixtan da norberak bere nortasun "nazionalarekin" daukan harremana aise konplexuagoa dela, ez dela bat edo bestearen arteko hautu bat, batzuk nazione konzeptua ez dutela batere baliatzen, bertzek Estadoa eta nazionea berexten, eta abar. Bego. Luis Moreno ikerleak berak aspalditik errana du bere pensamoldea frangotan xinplifikatu zutela bere izena metodo horri lotuz. Halaikan ere, gisa hortako tresnak baliagarri dira lurralde desberdinen arteko konparaketa baten hasteko, gero lan kualitatibo batekin barnatzekotan. 

Errealitate baten lekuko

Euskal Autonomia Erkidegoan, %40-ek beren burua "euskal herritartzat" daukate lehenik, %11-k Iparraldean, eta bi herrialdetan gehiengo zabalak nortasun ainitz nahasten ditu (Baxok et al., 2006, 47 o.). Bixtan da datu horiek ez dutela, berez, fitsik erran nahi, bainan errealitate baten lekuko direla ezin uka. 

Lurralden arteko desberdintasunak

Halaber, jendeer galdegina zaielarik haien ustez zoin diren baldintza garrantzitsuenak pertsona batek bere burua euskal herritar senditzeko, lurralden arteko desberdintasunak interesantak dira. Euskal Erkide Autonomoan, lehenik heldu den erantzuna "Euskal herritar izan nahi izaitea" da (%46), Ipar Euskal Herrian aldiz "Euskal Herrian sortua izaitea" (%53). Halaber, euskararen erabilpena euskaltasunaren definizione hortan garrantzitsuago da Iparraldean (%40) EAE-n (%16) eta Nafarroan (%10) beino (Baxok et al., 2006, 51 o.).

"Bolontarista" edo "Primordialista"
Datu horien axaleko irakurketa baten arabera, hemen agertzen da nortasun kolektiboaren definizione "bolontarista" bat Hegoaldean eta "primordialista", edo arbasoek transmititua, Iparraldean. 1985-ean Juan J. Linz politologoak euskal adibidea baliatu zuen hipotesia zabalago batentzat, zoinen arabera nazionalismo "etniko" ainitz elementu primordialetan oinarritutako definizione batetik (leinua, hizkuntza, ohidurak, erlijioa,...) lurraldetasunean oinarritutako definizione batetara (lurralde batean bizi eta lanean ari direnak) pasatzen ziren (Linz, 1985,  253 o.). Alabainan, Iparraldea eta Hegoaldea datu horien arabera bakarrik elgarren artean konparatzea ez litaike xuxen, azken hogoi urte hauetako inkesta kualitatibo guziek erakusten duten bezala. Iparraldearen egituratze instituzional berriari buruzko ikerketek untsa azpimarratu dute, adibidez, jokaera bolontaristak nola garatu diren hemen ere, euskeraren aldeko jarrerak lekuko, bertzeak bertze. Halere, politikarekilako harreman historiko desberdin baten lekuko dira emaitza horiek.

Kasu galdea pausatua den manerari
Hirugarren pundu metodologikoa hau da: gisa hortako inkesta kuantitatiboetan, galdezkatuaren erantzuna maiz galdea pausatua den manerari egokitzen da. Jendeer galdegiten zaielarik, adibidez, "zer da zuretzat euskal kultura?", "Euskal Herriari buruzkoa" da lehen erantzun bezala ateratzen 71%. Gero heldu dira "Euskal herriko jendek egindakoa":  70%; "Euskal herrian egindakoa" : 60%; eta azkenik "Euskaraz egindakoa" : 48% (EAE: 48%, Nafarroa: 43%, IEH: 56%) (Baxok et al., 2006, p. 74). Bainan inkestatu berer galdegiten zaielarik zoin diren euskal kulturarekin gehien lotzen diren elementuak, orduan Euskara da lehenik agertzen (Baxok et al., 2006, p. 77). Kasu beraz datuen interpretatzioekin, bereziki euskararen lekuari dagokionez. Inkesta kualitatiboak hor dira, bereziki, emaitza bakotxa bere oxkan atxikitzeko.
Hiru elementu horiek gogoan atxikiz, uste dut badela gogoetarako mamia inkesta berri hortan.
***

E. Baxok eta al., Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran, Donostia, Eusko Ikaskuntza, 2006
Linz J. J., "From primordialism to nationalism”, Tiryakian E., Rogowski R. (eds.), New Nationalisms of the developed west : toward explanation, Boston, Allen & Unwin, 1985, p. 203-253
Publicité

Publié dans Orotarik

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article