Lurralde (des)antolamendua eta hirigintza paradigmak EHn

Publié le par Alda

 

Alda-37---Joseba-Arbaiza.JPG

Joseba Arbaiza Alvarez, Geografoa, EHUko geografia aurehistoria eta arkeologia saileko irakaslea

 

Egoera, gatazkak eta erronkak

 

Lurralde antolamendu eredu jasangaitza
Lurraldea antolatzeko gure eredua jasangaitza da. Etengabeko hazkunde ekonomikoaren izenean baliabideen neurri gabeko erabilerak eragindako inpaktuak nabariak dira. Honek, baliabide edo baldintzagileen (ingurunea eta errekurtsoak) eta hautatutako garapen (hazkunde ekonomikoan oinarrituta) ereduaren arteko bateraezintasuna azpimarratzen du.
Horregatik, lurraldea antolatzeko ereduaren aldaketa beharrezkoa suertatzen da, produkzio, kontsumo eta garraio dinamikak ingurumenaren jasotze ahalmenarekin lotu eta baliabideak modu egokian erabiliz.

Lurralde-antolamenduak ikuspegi orokor eta sistematikoa bereganatzen du, baita eredu bateratu batean ekonomia, gizarte, kultura, paisaia eta baliabide fisikoei lotutako arloak uztartu ere. Horren ondorioz, lurralde oreka eta kohesioa bilatu beharko luke sektore eta lurralde unitate desberdinen integrazioaren bidez, sektorialetatik kanpoko zeharkako ikuspegia bermatuz.
Azpiegiturek, oro har, protagonismo nabarmena bereganatu dute azken mende laurdenean herrialde industrializatuetan. Horrela, politika sektorialek, eta batez ere azpiegitura obra handiei lotutakoek, lurralde eredua konfiguratzen dute, estruktura espaziala baldintzatu eta egituratzen dutelako.
Azken finean, azpiegitura lan hauek (daudenak eta batez ere proiektatzen ari direnak) lurraldea egituratzeko bitartekoak dira, plangintza guztien gainetik eremuak artikulatzeko benetako ahalmena dutenak. Gaur egungo parametro ekonomikoetan, hiriak (poloak) indartuta azaltzen dira eta hirien arteko konexio eta komunikazio azpiegitura eraginkorrak izatea nahitaezkotzat jotzen da lurralde lehiakor baten hazkunderako.
Garraiorako baliabide eta azpiegiturek, ondoren ematen diren lurzoruen erabilerak baldintzatzen dituzte hein handi batean, lurralde eredua aurretik definituz eta plangintza orokorren lanak kondizionatuz.

Eredu anglosaxoniarra
Dentsitate baxuko etxebizitza politikak eta zentro komertzial handien eraikuntzek lurralde eredu anglosaxoniarreko paradigma dira. Azken urteotan gure inguruetan bizi izan ditugun dinamikak norabide bertsuan kokatzen dute lurraldearen antolamendua.

Eragin negatiboa lurraldean
Hirigintza eta komertzio dinamika hauek, eragin negatibo nabarmena dute lurraldean, eta gertutasuna ahalbidetu behar duen planifikazio egoki batekin ez datoz bat: lurzorua (lurra) baliabide mugatua da, neurri gabeko energia eta lurzoru kantitatea kontsumitzen du, azpiegitura handien beharra eragiten du, kontsumo eta garraio ohiturak ezartzen ditu, eredu sozial indibidualista eta bizitza sozialik gabekoa potentziatzen du eta zerbitzuen eskaintza funtzionala eta eraginkorra ez duelako ahalbidetzen.
Era berean, hirigune nabarmenekin garraio azpiegitura zuzena eta azkarra ahalbidetzen duten herri askok aurrera eramandako hirigintza-etxebizitza politikaren ondorioz, hiriko jendea landa eremuetara bueltatu izan da, horrela, itzulera herrira eman da baina ez nekazaritzara. Gainera, ibilgailu pribatuarekiko erabateko menpekotasuna erakusten duten prozedurak dira, biztanleriak enplegua eta kontsumo ohiturak hirietan edukitzen jarraitzen baitu.
Hirigintzarekin lotutako plangintzek berebiziko garrantzia hartzen dute epe ertain, eta baita luze batean ere, herriek izango dituzten ezaugarriak eta bilakaerak ezartzerako orduan. Baina ez dira maila lokalean erabaki eta ezartzen diren plangintzak bakarrik, bestelako eskaletan onartzen diren plangintzek ere eragin nabarmena dute tokian tokiko politiketan eta erabat baldintzatzen dituzte (eskualde plangintzak, arlokoak, naturaren babes figurak, azpiegitura handiak, …). Horrela, lurraldean eragin nabarmena duten plangintza hauek, guztiz determinatzen dute herrien etorkizuna nolakoa izango den.


Dentsifikazioa eta hurbiltasuna
Hirigintzarekin lotutako arauek ahalbidetzen dituzten etxebizitza politikek herrietako arlo guztietan eragina izaten dute: lurzoru erabilera, ur eta energia kontsumoak, mugikortasuna, politika sozialak,…  Garapen ereduaren ildo berrietan, beste askoren artean, bi dira gainditu beharreko erronkak: dentsifikazioa/kontzentrazioa (berregitea) eta hurbiltasuna (mugikortasuna gutxitzea eta  garraio publikoa lehenestea).

Herritarren parte hartzea
Nahiz eta oraingo krisi estrukturalak eredu neoliberala aldatzeko beharra berriro ere agertu, neurririk gabeko lurralde baliabideen erabileran oinarritutako sistema beraren aldeko apustua berresten dute agintari politiko eta ekonomikoek. Egoera ekonomiko-finantzarioak proiektuen erritmoak baretu arren, gehiegizko mugikortasunean eta azpiegitura lan erraldoietan oinarritutako lurralde ereduarekin tematuta jarraitzen dute. Euskal Herritik Euskal Hirirako trantsizioa bideratu nahi dutelarik. Gainera, lurraldean eragina duten proiektu eta plangintzak aurrera eramateko orduan, hierarkia eta piramide kontzepzio batetik politikak onartu eta garatzeko administrazio eta eragile zehatzek daramaten era, krisian dago erabat. Egituratutako lurralde eragile askok landutako presioa eta herritar pasiboak ez izateko asmoak, lurralde ereduaren gaineko eztabaida piztea eragin du. Horrela, ezaguera zientifiko-tekniko edota politiko soila ezbaian jartzen da erabakiak hartzerako orduan, herritarren parte-hartzeari bideak zabaltzeko eskatuz.

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article