Abertzalea eta ezkertiarra / Abertzale et de gauche

Publié le par Alda

Jose-Del-Cura.jpg

Joxe Del Cura

 

Militantzia 80garren hamarkadaren bukaera eta 90garrenaren hasiera tartean hasi duten nere garaikide anitzendako bezala, erreferentzia nagusia Ezker Abertzalea izan zen kontzientzia nazionala piztean. Ezker Abertzalea aipatzen dudalarik, zentzurik zabalenean diot, politika, sozio-ekonomia, kultura eta gainerako esparruak biltzen dituen eragile kolektiboa alegia. Dagoeneko, abertzalea bilakatu aintzin, ezkertiarra nintzen (edo bederen hola ikusten nuen nere burua), izan ere nere langile klase jatorriak eragin handikoa izan bait zen nere politizazioan.

L’étiquette de populiste, nationaliste, bourgeois et de droite  est collée aux abertzale
Uste dut gure burua ezkertiartzat dugun abertzaleok barneratua dugula abertzalea eta ezkertiarra aldi berean izatean dagoen kontraesana. Eta hau kanpotik ederki baliatzen dute gu kritikatu edo zirikatzeko : sozialistek, komunistek, trotskistek, maoistek (esistitzen ziren garaian), eta gainerako “istek“  leporatu eta leporatzen digute oraino populistak, nazionalistak, burgesak edo eskuindarrak garela. Izan ere, haiendako, abertzalea eta ezkertiarra izateak kontrasesan gaindiezina bait dakar bere baitan, bi izaera hauek gorpu berean ezin lezakete bizi, omen. Zenbaitek diote praktikan abertzaletasunak inposatzen duen jarduera politikoak ezkerreko jarduerari leku gutxi uzten diola.

Et pourtant, dès les années 60 la gauche abertzale a sû dépasser ces clichés
Hala ere, 90ko Ezker Abertzaleak aspaldian gainditua zuen irudizko kontraesana: 60garren hamarkadatik hain zuzen ere. 1990 urte hartan Ezker Abertzaleak dagoeneko bere tokia hartua zuen mundu zabaleko ezkerreko burruketan : OTANen aurkako kanpaina 1986an adibidez, Hego Euskal Herriko lau herrialdeek OTANi ezetz bozkatzera bultzatuko duena, edo Nikaraguar Herriak zeraman burrukarekiko elkartasun kanpainak (han nahiz Euskal Herrian) aintzin errandakoaren adibide adierazgarriak dira.
Eta 90ko hasiera horretan, EHko Golko Gerraren aurkako mugimenduaren ain-tzindari nagusia da Ezker Abertzale hura. Bitartean, sindikalgintzan abertzaleek beren lekua ere hartzen zuten. Ezkertiartasun hori militanteen formakuntzan islatzen zen: garai hartako formakuntza liburuek alderdi komunistarenak ziruditen. Konplexua (abertzalea eta ezkertiarra izaera bikoitzarena) gainditua zirudien. Geroztik, munduan zehar emandako aldaketa politikoaren ondorioz, ezker abertzalearen ezkerreko erreferentziak aldatu dira: pixkanaka lehen garaiko leninismoak bestelako ideiei lekua utziz. Eta tarteka, betiko konplexu hura, gaindiezina, behin eta berriz agertzen zaigu, batez ere ezkertiar labela duten kritikoen eskutik.

Que faisons-nous pour arriver à mettre en pratique notre projet de gauche et abertzale ?
Urteak joan, urteak etorri, 2010garren honetara iritsi gara. Zoin da azken urteetako balantzea ? 30 urtez Kapitalak garaipenak pilatu ditu, langile eta herri mugimenduen kaltera : pribatizazioak,  gastu sozialen mozketak aurrekontu publikoetan, lan baldintzak kaskarragoak bilakatzen dituzten flexibilizazioak... Liberalismoa nagusi! Uste dut garaia dela gure konplexua alde batera uzteko. Praktikak erakutsi digu anitzetan burruka sozialak bat egiten duela burruka abertzalearekin: abertzaleen lur eta etxebizitza politika dugu adibide anitzetariko bat. Berdin da kanpotik ezarriko diguten etiketa, une honetan etiketak soberan dira. Munduak, azken 30 urte hauetan Kapitalaren aintzinean izandako porroten ondoren, ez du etiketarik behar. Munduak ezkertiar ideiak praktikara eraman eta berriz irabazteko egin beharrekoa egiteko prest dauden militanteak behar ditu. Galdera ez da gehiago ezkertiarrak garenez, gure proiektu ezkertiar eta abertzaleak bururaino eramateko zer egiten dugun baizik. Ezkerreko etiketa ukaiteak ez du inolako baliorik praktikan ezer ez badudu egiten. Konplexuak alde batera utzi ditzakegu, une honetan praktika da kontutan har liteken bakarra.
r

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :

Commenter cet article