Kaleak demokratikoki irabazteko!

Publié le par Alda










Andoni Aizpurua & Xabier Zabala



Zertarako da Greba Orokorra?
Greba orokorrak salatzen du krisi globala honen jatorria den eredu ekonomiko eta soziala. Grebak indar harremanak zuzendu nahi ditu krisiaren kontrako neurriak ez daitezen langileen moltsen gain izan.

Zer aldatuko du Greba Orokorrak?
Greba, langileoi, politiko eta enpresaburuei inarroste sozial baten emaiteko, gelditzen zaigun molde bakarra da. Molde horren bidez, erran nahi diegu xekatu behar dituztela krisiaren egiazko arrazoiei alternatibak langileen lan baldintzak murriztu gabe. Hasteko eta bat, segur gara Langileen Sindikatuok ez badugu ezer egiten, sekulan ez dugula egoera hau aldatuko!

Norekin eginen da Greba Orokorra hau?
Gure jendearekin, langileriarekin. Lan postuetan direnekin eta beraz patroi edo ugazabek krisiaren ordaintzale izaitea eramaiten dituztenekin.
Dudarik gabe ez lanetik bidaltzeko neurriak (EREak) baieztatzen dituzten alderdi politikoekin. Eta, ekonomia ongi ala gaizki joan, betiko errezetak (zerga gutiago enpresei, diru laguntza gehiago, lanetik bidaltzeen errexte-merketzea, erretreta baldintza txarragoak, zerbitzu publikoen pribatizazioa, etab.) onartzen dituztenekin. 
Eta, triste bada erraitea ere, instituzioen faboretarik bizi diren sindikatuak gabe.
Greba hau eginen dugu ere egoera ekonomiko eta sozial hau gainditzeko ideologia sindikala pratikara eraman nahi duten indar sindikalekin: ELA, LAB, ESK, STEE, HIRU-rekin.
Ez da harritzekoa beraz instituzioen laguntza banatzeetan parte hartzen ez dugunok Greba honetan izaitea!

Greba baten antolaketaren ezaugarriak zein dira?
ELAn, Grebaren preparaketa biziki serioski konduan hartzen dugu. Lan guziak, enpresetako arduradun sindikalen formakuntzatik, afiliatuen biltzarretara, langileekin egindako bilkuretatik eta enpresa ttipien bisitetatik pasatuz... zehaztasun haundienarik antolatzen ditugu.
Horrez gain propaganda, informazio txosten, pankarta, etabarrak ere konduan hartzen ditugu. Hots, iritzi publikoaren konzientizazioari kaleetako medio zuzenen bidez. Tirada eta ikusleria haundiko komunikabideak kapitalarenak dira eta.
ELA, joan den otsailetik geroz ari da eskualdeetan, probintzietan, etab. manifestaldiak antolatzen. Enpresa haundi eta ertainetan greba baino hamar bat egun lehenago jada badakigu zein enpresa geldituko den eskualde bakotxan zeren langile asanbladak aintzinetik antolatzen dira.
Azkenik preparatzen ditugu manifestaldiak eta informazio piketeak Greba egunarentzat.
Hori da metodo eta zehaztasunarekin lana egitea, Greba bat ez baita inprobisatzen. Kaleak behar dira demokratikoki irabazi!

Aurkakoen argumentoak aurre ikusten dituzue?
Gertatzen dena da, azken 25 urteetan itun sozialetan eta lan erreformetan, ordezkatzen omen dituztenen eskubide murrizketan, alienatu diren politikari, sindikalista eta enpresariak gaur egun jokoz kanpo direla zeren haiek dira krisi orokor honen eragileen aurpegiak... onartu baitute egoera honetara ekarri gaituen ebaste orokorra.
Edozoin gisaz, izan daitezen politikariak, enpresariak edo sindikalista instituzionalak, horrelako ezaugarriak dituen greba baten egokitasuna edo langile klasearen baseetatik etortzen den deiadar baten egokitasuna ez dute sekulan ikusten. Beren lana, molde interesatuan bozgoragailu lanetan ari diren komunika bideen bitartez, greba zapuztea da, momentuaren oportunitatea galdezkatuz bai eta ere zergatiak.
Baina txarrena da, haiek badakitela eta onartzen dutela langileok gorriak ari girela pasatzen, eta kritikatzen gaituzte, egoera hau aldatzeko borrokatzen ari garenok.
Dena den, gehienik min egiten diena da euskal langileria bere erabakien burujabe dela eta pareka-tzen ari dela jendarte zuzenago baten lortzeko borrokatzeko erabakia, greba orokorra barne, hartu duten populu eta herriekin.
Ezin dute onartu gure herria, bi estadoren menpe dena, arlo honetan batzea. Gure herriak, molde demokratikoan, kalean eta enpresetan irabaz dezan, arlo politikoan beren izaitea bera ukatzen dutenen kontra.
Gainera, ez dute ulertzen, euskal langilearentzat, besteentzat bezala, galtzea irabaztea dela. Alabaina, galdu behar da lehenbizik, gero irabazteko!

Pour être informé des derniers articles, inscrivez vous :
Commenter cet article